Hondartzako denboraldia oraindik ez da hasi, baina azken egunetan egin duen eguraldiak jende ugari erakarri du Getariara. Horren aurrean, gaur bertan, Udalak zenbait neurri hartu ditu.

Alde batetik, bai Malkorbe hondartzan, bai Gaztetapen, hondartzara jaisteko dauden eskailerak itxi egin dituzte. Malkorberen kasuan, bi muturretan dauden sarrera-irteerak erabili beharko dira, eta gaurtik hasita, hondartza denboraldi guztian zehar, ezingo dira erdialdean dauden eskailerak erabili. Gaztetapen ere, eskailerak itxita egongo dira, eta sarrera nagusitik, aldapatik, jaitsi beharko da.

Bestalde, hondartza sarreratan, koronabirusaren hedapena saihesteko herritarrek hartu beharreko neurriak zehaztuz oharrak ezarri dituzte.

Foru Aldundiaren bitartez, hondartzak ahalik eta modu seguruenean irekitzeko aholkularitza ari da jasotzen Udala. Oraindik, zehazteke dituzte denboraldian zehar hartu beharreko neurriak.