Aste honetan itzuli dira Iturzaeta Herri Eskolako irakasleak ikastetxera. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak hala aginduta, EAEko sare publikoko ziklo guztietako irakasleek, modu progresiboan, ikastetxeetara joaten hasi behar dute. Hala ere, salbuetsita egongo dira kontziliazio arazoak dituztenak edo osasun arazoak izan ditzaketenak, besteak beste.

Koronabirusa dela eta, EAEko gainerako zentroek bezala, martxoaren 13an itxi zituen ateak Getariako herri eskolak eta orduz geroztik, bai irakasleek bai ikasleek etxetik egin behar izan dute lan. Ia hiru hilabeteren ondoren, irakasleak ikastetxera itzuli dira. Ikasleak, berriz, aurtengo ikasturtea etxetik amaitu beharko dute.

Ikasturte berria normaltasunez astea espero du Eusko Jaurlaritzak

Zenbait hedabidek aurreratu dutenez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak aurreikusten du 2020-2021 ikasturtea normaltasunez hastea. Irailaren 7an, aurrez aurreko eskolen itzulera orokortua aurreikusten du, ikasle guztiekin eta maila guztietan.

Garraio eta jangela zerbitzuak ere osasun krisia hasi aurreko baldintzatan berreskuratzea da asmoa. Hala ere, DBHko eta Batxilergoko ikasleek ordutegi jarraitua izango lukete, etxean bazkaldu dezaten, eta horrela, jangela erabiliko dutenen pertsona kopurua murritzagoa izan dadin. Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleak goiz eta arratsalde joango lirateke eskolara.

Beraz, pandemiaren aurreko egoerara itzuliko dira irailean. Dena den, ez dute baztertu ikasgeletan maskarak edo hidrogela erabili behar izatea. Hori, ordea, osasun agintarien esanetara egongo da.

“Normaltasuna”ren jokalekuaz gain, beste bi izan behar dira kontuan. Alde batetik, posible litzateke koronabirusaren eraginez ikasle guztiak ikastetxeetara joan ezin izatea. Kasu horretan, Hezkuntza Sailak dio hainbat formula aztertu beharko liratekeela; adibidez, txandaka joatea edo jangela zerbitzua bertan behera uztea. Bestalde, gerta liteke eskola presentzialik emateko aukerarik ez izatea; orain bezala, ikastetxeak itxiko lirateke, eta ikasleek etxetik jarraitu beharko lukete ikasten. Horren harira, Jaurlaritzak zentroei ohartarazi die COVID-19ak berriz ere gogor joko balu, aurrez aurreko eskolak ematetik online bidezkoak ematera berehala aldatzeko modua izan behar dutela.