Gaur ekin diote selektibitateari EAEko 12.594 ikaslek. EHUk jakinarazi duenez, lehengo urtean baino %8,6 gehiagok. 11.758 Batxilergoko ikasleak izango dira eta 836 Lanbide Heziketakoak. Asteazkena bitartean, Gipuzkoan, 4.594 ikaslek egingo dute azterketa; Bizkaian 6.180k eta Araban 1.776k.

Hizkuntzari dagokionez, gehienek azterketa euskaraz egingo dute: Batxilergoko ikasleen % 74ak eta Lanbide Heziketakoen %57ak. Lehenengo egun honetan goizez eta arratsaldez egingo dituzte probak; gainerako bi egunetan, goizez bakarrik.

Neurri bereziak

Koronabirusa dela eta, jendea ez pilatzeko asmotan, azterketak EHUren ohiko campusetan ez ezik, BECen, Eibarko Armeria Eskolan eta BHI eta Gasteizko Ekialdea ikastetxean egingo dira. Bestalde, ikasleak maskara jantzita joango dira probetara, segurtasun tartea mantendu beharko dute, eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbitu beharko dituzte eta bakoitzak etxetik eramango du beharrezko materiala.

Azterketa “malguagoa”

Azterketen egiturari dagokionez, ikasturte hasieran ezarri ziren ereduak, orientabideak eta ebaluazio eta zuzenketa irizpideak mantenduko dira, baina azterketak berregituratu egin dituzte. Horren helburuak bi dira: proba “malgutzea” eta ikasleen “aukera berdintasuna” bermatzea. EHUren arabera, ikasleek aukera izango dute, “modu ordenatuan” eta galdera bakoitzaren puntuazioaren arabera, azterketetako A eta B aukeretako galderak nahasteko.

Argazkia: Wikipedia