Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak atzo adierazi zuenez, “Tolosako Iurreamendi eta Uzturre, eta Zarauzko Santa Ana egoitzetako irteerak aldi baterako etetea, eta Uzturre eta Getariako eguneko zentroak ere aldi baterako ixtea” erabaki du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Erabakia, Tolosako, Getariako eta Zarauzko adinekoen egoitzetako eta eguneko zentroetako talde arduradunekin koordinatuta hartu da.

Diputatuak azaldu zuenez “Tolosako eta Zarauzko zentroetan etenaldi horiek denboran luzatuko dira, eta egoera epidemiologikoak ahalbidetzen duenean berrartuko dira”. Egoitzetako bisitei dagokionez, “prebentzio eta segurtasun neurri guztiak zorroztuz” egin ahal izango dira. Era berean, datorren astetik aurrera, Zarauzko egoitzako erabiltzaileei eta langileei PCR probak egiten hasiko dira.

Maite Peñak gogorarazi zuen “detekzioan eta erantzunean azkartasuna ezinbestekoak dira birusaren hedapenari aurre egiteko”, eta “neurrien helburua da birusaren eraginen aurrean ahulenak diren pertsonen ongizatea zaintzen jarraitzea”.