ETE eta KAE 2 ligatako estropadak jokatu dituzte goizean Getarian. Estropadak bai baina zaleturik ez, horixe azpimarratu litekeen lehen irudia. Izan ere, zenbait udalek -Getariakoak barne- eta arraun klubek ez etortzeko deia egin diete zaletuei aste honetan COVID-19 kasuak han eta hemen zabaltzen ari direlako.

Arraunlariek beraien lana egin dute hala ere. ETE ligako neskak lehiatu dira lehenik eta Tolosaldea izan da garaile 10:58,81eko denborarekin. Atzetik sailkatu dira San Juan (11:08,29) eta Deusto (11:08,89).

Gizonezkoen KAE 2 Ligan, berriz, Castro Canteras de Santullan izan da lehena, 20:44,62ko denborarekin. Bigarren izan da Lapurdi (20:54,33) eta Portugalete (21:09,77).

Neurriak COVID-19aren aurrean

KAE Ligak COVID-19a dela eta ezarritako protokoloa jarraituz egin dituzte gauzak gaurko estropadan, nahiz eta antolakuntzako ordezkari batzuek jakinarazi diguten hainbat gorabehera izan direla, besteak beste, zenbait taldek ez dituelako esandakoak zorrotz bete. Ingurura begiratuta, antzeman zitezkeen aldaketak: klub bakoitzak espazio jakin bat Amabirjinaren aurreko eremuan, uretaratzeko eta handik ateratzeko bestearen zain egotea, antolatzaileen aginduak…

Bestalde, protokoloak ezartzen duen moduan, Donostia Arraun Lagunak taldeko neskek ezin izan dute Euskotren Ligako Orioko estropadan parte hartu, arraunlari batek positibo eman duelako PCR probetan. Taldeko kideek datozen egunetan egingo dituzte probak.

KAE 1 Ligako jardunaldia arratsaldean jokatuko, 18:00etatik aurrera. Bertan lehiatuko da etxeko Esperantza trainerua.