Julian Ugarte artistak lotura estua zuen Getariarekin zein Elkanorekin. Aste honetan bere semea bertan zela egindako prentsaurrekoan azaldu zutenez, Elkanoren Lehorreratzean argazki erreportajeak egiten ibili izan zen, eta parte hartzaileen arropa batzuk ere diseinatu zituen.

Bere ilusioetako bat zen Getariako herriari koadro bat oparitzea, leku publikoa baten jartzeko. Hori betetzeko asmoz jarri zen haren familia harremanetan Getariako Udalarekin, eta hartu-eman horretatik sortu da udaletxe sarreran larunbatetik aurrera ikusgai izango den Elkano erakusketa. Olio-pinturaz eta marrazkiz osatu dute.

Udaletxe sarrerako atea irekita egongo da, egunero, 10:00etatik 20:00etara, herritarrek Ugarteren lanak ikus ditzaten. COVID-19aren inguruko protokoloa bete beharko dela aurreratu zuen Haritz Alberdi alkateak atzo egindako prentsaurrekoan: “Maskararekin sartu, eta gehienezko edukiera bete beharko da”.

Erakusketa 90eko hamarkadan

Argitu zutenez, duela 25 urte ere egin zuen Ugartek Elkanoren inguruko erakusketa herrian. Orain, ordea, erakusketarako materialaren bila zebiltzala, marrazki berria aurkitu dute.

“Uste dut erakusketa 1993an izan zela, 475. urteurrenean. Nire aitak beti zuen oso presente Elkanoren historia. Ni txikia nintzenean, bertsio ofizialak beti Magallanesen ingurukoak ziren; nik etxean Elkanorena asko entzuten nuen”, azaldu zuen Asier Ugartek, margolariaren semeak.

Koadroa aukeratzeke

Erakusketa dagoeneko muntatuta badago ere, Udalak ez du erabaki oraindik margolariaren zein koadro aukeratuko duen. Behin erabakia hartuta, udar batzar aretoan jarriko dute. “Gaur egun beste hiru artistaren hiru bozeto daude, eta laugarren bat jarriko dugu, Julian Ugarterena”, azaldu du Alberdik.