Iturzaeta Herri Eskolako ikasleek datorren asteartean, irailaren 8an, hasiko dute 2020-2021 ikasturtea. Aurrekaririk gabeko urtea izango da aurtengoa, berezia, ezjakintasunez betea. Koronabirusaren hedapena saiheste aldera, hainbat prebentzio neurri hartu beharko dituzte irakasleek nahiz ikasleek. Ane Zubiak, Iturzaetako zuzendariak, egoera berri honen inguruko zenbait azalpen eman dizkio ARTZAPEri.

“Hiru agertoki aurreikusteko eskatu digute”, azaldu du. “Lehenengoan, prebentzio neurri batzuk hartu behar ditugu, baina egoera ‘normala’ izango litzateke. Bigarren agertokia tarteko zerbait da: Hezkuntza Sailak ematen dizkigun momentuko argibideen arabera, prebentzio neurriak apur bat zorroztuz, zehaztu beharko dugu. Hirugarren agertokia, berriz, erabateko konfinamendua izango litzateke”. Beraz, unean uneko egoeraren arabera, neurri jakin batzuk edo beste batzuk hartuko dituzte.

Ikasturteari lehenengo agertokian ekingo diote: “Bidali dizkiguten prebentzio neurriak jarraitu beharko ditugu, baina ‘normalitate’ berri horretan hasiko gara”. Hala, ikasgai guztiak presentzialak izango dira. Era berean, momentuz, eskola guztiak ikastetxeko eraikinean emango dituzte, “ez dugu klaseak emateko beste espazio itxirik erabiltzea aurreikusten”, esan digu Zubiak.

Nolanahi ere, irteeren aldeko apustua egingo dutela aitortu du zuzendariak. “Haur Hezkuntzako jolastokian lanak egiten ari direnez, nahitaez, atari ordu hori osatzeko, herrira irteerak egin beharko dituzte. Lehen Hezkuntzan, printzipioz, gelatan moldatuko gara, baina irteerak egiteko asmoa ere badugu”.

Harreman zirkulu mugatuak

Ikastetxeak, une oro, haur bakoitzaren kontaktuak nortzuk diren jakin beharko du, eta era berean, pertsona kopuru hori mugatzen saiatu beharko da. “Egoera ezberdin asko egon daitezke, nik uste, oraindik, denak ez ditugula bistaratzen”, aitortu du Zubiak. “Baina egoera bakoitzaren arabera emango dizkigute argibideak”. Laguntza hori, koordinatzaile baten bitartez, Osasun Sailetik jasoko dute.

Ikasle kopuru bera geletan

Ikastetxeak sarrera bakarra duenez, ordutegiak zertxobait egokitu eta elkartzeko guneak ezarriko dituzte. “Ikasle bakoitzak bere bilgunea izango du, hor bilduko dira tutorearekin eta gero, sarrerak eta irteerak modu ordenatu batean egingo dituzte”, dio Zubiak.

Bestalde, gelako ikasle kopurua mantendu egingo da. “Zorionez, geletan ikasle gutxi dauzkagu: 13 eta 16 ikasle arteko taldeak dira gehienak. 25eko talde bat dugu eta hori salbuespena da. Kasu honetarako, ordea, beste gela bat ere badaukagu, eta bikoizketa egin behar bada, talde hori bi gelatan sartzeko aukera daukagu”.

Jangela martxan

Beste urteetan bezala, jangela zerbitzua eskainiko da, baina hemen ere prebentzio neurriak hartuko dituzte. Zuzendariaren hitzetan, “eskolan bezala, distantziak eta ikasleen taldeak mantendu beharko dira. Ikasleen kontaktuak mugatuak izango dira denbora guztian, beraz, jangelan ere, kontaktu mugaketa hori zaindu egin beharko da”.

Eskola kirolari dagokionez, aztertzen ari diren arren, oraingoz, ez eskaintzea erabaki dute. Zaintza zerbitzua ere bideragarria izan daitekeen ala ez analizatzen ari dira.

Jolastokiko lanak

Aurretik aipatu bezala, Haur Hezkuntzako umeen jolastokia eraberritzen hasi dira duela gutxi. Haritz Alberdi alkateak adierazi duenez, COVID-19a dela eta, prozedura administratibo guztiak eten egin ziren, ondorioz, hiru hilabete inguru atzeratu dira lanak. Guztira, lau hilabeteko iraupena izango dutela aurreikusten da.

Alkatearen hitzetan, “Udaletik ezinbestekotzak jo dugu aldaketa hau kanpoko espazioaren egoera oso txarra zelako. Pentsatzen dugu gure herriko haurrentzat hain garrantzitsua den espazio horrek, ezinbestean, ondo egon behar duela”. Ekopasaia SLL enpresa arduratuko da eraberritze lanez, eta horretarako 198.756,15 €-ko aurrekontua izango du. 

Greba deialdia

Gaur erregistratu dute euskal hezkuntzako sindikatuek (Steilas, LAB, ELA, CCOO eta UGT) irailaren 15erako greba deialdia. Euren aburuz, Hezkuntza Sailak prestatutako protokoloak “zehaztasun falta” du, eta agindutako 1.000 kontratazio ez dira egin. Horrez gain, eurek batzarrak eskatu arren, biltzeko eskaintzarik ez dutela jaso salatu dute.

Aldarrikapen nagusia ikasleen ratioak jaistea da; ikasgelako, gehienez, 10-15 ikasle egotea eta bakoitzak hiru metro koadroko espazioa izatea eskatzen dute. Horretarako, ezinbestekotzat jo dute irakasle gehiago kontratatzea, baita garbitzaile nahiz jantokietako eta autobusetako begirale gehiago ere.