Ikasturte berriarekin batera, egitasmo bateratua bultzatu dute Elkano Fundazioak eta Andaluziako Juntako Turismo Sailak. Magallanes-Elkano Espedizioak Iberiar penintsula zeharkatuko du, bizikletaz, datorren astetik aurrera. Helburua: lehen mundu birarekin lotura duten 30 herri lotzea.

Getaria izango du abiapuntu irailaren 9an hasiko den bizikleta ibilaldiak. Gaztela eta Leon zein Gaztela-Mantxa zeharkatuta, Andaluziara helduko da, Sanlucar de Barramedara lehenik eta Sevillara gero. Guztira, 1.605 kilometro egingo dituzte bidaiariek, eta helmugara heldutakoan, Sevillan irailaren 18tik 20ra egingo den Gizarte Berrikuntzarako Nazioarteko I. Batzarrean aurkeztuko dituzte lehen ondorioak.

Gogoeta helburu

Josu Iztueta bidaiazale tolosarrak, Nacho Dean naturalista eta esploratzaile malagarrak, Emilio Martin duatloilari huelvarrak eta Ana Zamorano bidaiazale, argazkilari eta dokumentalen egile sodupearrak osatuko dute espedizioa. Bidelagun izango dute Elkano Fundazioko zuzendaria, Ion Irurzun; honek bermatuko du gogoetarako espazioak sortzea.

Hain zuzen ere, espediziokideek lehen mundu birarekin lotutako gaur egungo gaiez gogoeta egiteko baliatuko dute ibilaldia. Antolatzaileek azpimarratu dute hausnarketarako tartea hartzea “COVID-19ak eragindako krisi ekonomiko, sozial eta sanitarioak inflexio-puntu bat sortu eta gure gizartean orain arte mundu ikuskeraz hausnartzera behartzen duen honetan”. Zehaztu dute 500 urteotan mundu birak izandako ondorioak, itsasoaren eta planetaren iraunkortasuna, kultura-aniztasuna, sakrifizioaren balioa eta aldaketetara moldatzea izango dituztela hausnarketagai.

Bizi izandakoan oinarrituta, lehen mundu bira gizarteratzeko historia- eta kultura-ibilbide pilotu bat diseinatuko dute espedizioak igaroko dituen lau autonomia erkidegoen parte-hartzearekin. Formatu berriak landu eta gertatutakoari buruzko hainbat ikuspegi eta kontakizun uztartuko dituzte.

Lurraldeekiko lotura

Ibilbidea etapatan banatuko da eta lurralde bakoitzean elementu batengan jarriko dute azpimarra. Horrela, Euskadin itsas historia izango da hausnarketarako gaia, itsasontziak eta Espezien uharteetarantz ontziratu zirenen artean euskal jatorrikoak zirenen kopuru handia. Gaztela eta Leonen zein Gaztela-Mantxan, berriz, merkataritza bideak eta garrantzia historikoko lekuak izango dira arretagune. Azkenik, Andaluzian, lehen mundu birako espedizioekin eta Indietako bidearekin lotutako lekuek hartuko dute garrantzia.

Ohi bezala, dokumentatu egingo dute bidaia, dibulgazio-dokumental bat egin eta gizarteratzeko.

Getariako Udalaren eta Basquetourren babesa jaso du, besteak beste, atzo aurkeztutako egitasmo honek.