Udako geldialdiaren ostean, astelehenean ekingo dio Egunean Behinek denboraldi berriari. Irailaren 28an hasi eta abenduaren 20 arte iraungo du bosgarren denboraldi honek; 12 asteko lehia izango da.

Aurreko denboraldietako eredu berarekin jarrituko du. Egunero hamar galdera erantzun beharko dituzte partehartzaileek. Helburua, ahalik eta denbora gutxienean ahalik eta erantzun egoki gehien ematea da. Gaurkotasunari, euskal kulturari, musikari, geografiari… jakintza eremu desberdinei lotutako galderak agertzen dira.

100.000 euskaldunek dute instalatuta joko arrakastatsu hau euren mugikorretan, eta lagunartean, familian edota lantokiko kideen artean sortutako 40.000 talde daude. Denboraldiko sailkapena erabiltzaile bakoitzaren bost aste onenekin kalkulatuko da, eta sari nagusiak Mutrikuko Haitzalde hotelean asteburua, Getariako Iribar jatxetxean bi lagunentzat otordua eta Errigorako saskia izango dira.

Getariarren arteko lehia

Artzape Euskara Elkartetik, euskal tribial joko honen arrakasta ikusirik eta herritar baten proposamenari erantzunez, Egunean Behineko talde bat sortu genuen. Getaiarrak izena du taldeak eta, dagoeneko, 235 herritar daude bertan. Oraindik taldeko kide ez denak ondorengo pausuak jarraitu behar ditu bertan sartzeko:

  1. Egunean Behin aplikazioa deskargatu.
  2. Zuen profila sortu.
  3. “Taldeak” atalera joan.
  4. “+” ikurra sakatu.
  5. “Talde batean sartu (giltza erabiliz)” sakatu.
  6. Taldearen gakoa idatzi: E9529F

Beraz, astelehenetik aurrera, has dadila lehia!