Urola Kostako Udal Elkarteko Enplegu eta Orientazio Zerbitzuaren eskutik, Konpetentzien Eskola zerbitzuaren baitan, martxan da 45+Indartzen ekimenaren 2. edizioa. Iaz egin zen programaren estreinako edizioa, eta Udal Elkarteak azaldu duenez, “emaitza oso onak eman zituela ikusita, urteko azken hiruhilekoari begira, eskualdeko 45 urtetik gorako herritarrei bideratutako programaren edizio berri bat antolatu dugu”.

Ekimen honen bitartez eskualdeko 45 urtetik gorako pertsonei prestakuntza-ikaskuntza eskaini nahi zaie; ahaldundu daitezen, batez ere, lan-mundura sartzeko edota itzultzeko. “Izan ere, adin tarte horretako gehienek, oso zail ikusten dute lan-mundura itzultzea edo egokitzea; batetik, duten adinarengatik; bestetik, egungo lan mundu aldakorraren eskakizunetara eta eginkizunetara egokitzeko ezinbestekoa delako birziklatzea”. Programa “berrituta eta indartuta” datorrela gaineratu du UKUEk.

Bi asteko ikastaroa

Lau orduko hamar saiotan banatutako 40 orduko prestakuntza programa da. Ikastaroa azaroaren 23an hasi eta abenduaren 4an amaituko da, eta saio guztiak goizez, 09:30etik 13:30era, Udal Elkartearen egoitzan nahiz digitalki egingo dira. Beraz, parte hartzen dutenek saioetara digitalki konektatzeko aukera izango dute. Taldekako prestakuntzaz gain, partaide guztiek hiru bakarkako saio jasotzeko aukera izango dute.

Azaroaren 13an, 09:30etik 11:00etara, egingo den hasiera-ekitaldiarekin hasiko da ekimena. Bertan, programaren xehetasun guztiak azaltzeaz gain, partaide bakoitzarekin adostuko da bakarkako saioen egutegia.

Argibideak eta izen-ematea

Azaroaren 6an, ostiralean, 10:00etan hasita, proiektuaren inguruko xehetasun guztiak azaltzeko helburuarekin, interesa duten herritarrentzat Informazio-saio bat egingo dute. Gotomeeting plataformaren bidez, saioa “online” egingo da. Horretarako, galdetegia beteta, aurrez izena eman beharko da. Ondoren, interesdunak bere posta elektronikoan jasoko du saiora sartzeko esteka.

Bestalde, jada zabalik dago ekimenean izena emateko epea eta azaroaren 12a arte egongo da irekita. Izena emateko orria Udal Elkartearen egoitza elektronikoan eskuratu daiteke. Edozein kasutan, tramitazioa elektronikoa egin ezin dutenek, egoitza elektronikoan dokumentua deskargatu, bete eta Udal Elkarteko egoitzara bertaratu dezaketela argitu du UKUEk.