Pasa den larunbatean, COVID-19aren pandemiari aurre egiteko hainbat neurri iragarri zituen Eusko Jaurlaritzak, tartean bilerak, bai publikoak bai pribatuak, sei pertsonetara mugatzea. Proposatutako neurriak berretsi behar zituen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak eta ez du onartu bilkuretako muga hori.  Europa Press berri agentziak aurreratu duenez, “oinarrizko eskubideak urratzen dituela eta lege babesik ez duela” argudiatu du epaileak. Ondorioz, Jaurlaritzak “gomendatu” ahal izango du bileretan gehienez sei pertsona egotea, baina ez derrigortu.

Gobernua Auzitegi Nagusiaren berrespenaren zain zegoen agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta neurriak indarrean jartzeko. Proposatutako beste neurriak dira ostalaritzan (terrazetan salbu) zein kultura eta erlijio ekitaldietan edukiera %50era murriztea, gainerako ekitaldietakoa 400 lagunetara mugatzea (600era kanpoan badira), taberna eta jatetxeak 00:00etan ixtea, parkeak 23:00ak arte erabili ahal izatea eta federatu gabeko kirol lehiaketak bertan behera uztea.

 

Lotutako albisteak: