Gaur eguerdian argitaratu du Osakidetzak koronabirusaren inguruko asteburuko txostena. Horren arabera, iragan berri den asteburuan, ez dute koronabirusak kutsatutako getariarrik atzeman. Hala, intzidentzia tasak ere behera egin du, eta gaur-gaurkoz, 527,06an dago.

Aurreko egunetan baino proba dezente gutxiago egin zituzten atzo EAEn. Ostiralean 11.603 izan ziren, larunbatean 9.268 eta atzo, berriz, 6.467; beherakada, beraz, nabarmena izan da. Positibo kopuruaren ehunekoari begiratuz gero, ordea, atzo gora egin zuen: herenegun egindako probetatik %5,3a izan zen positiboa, atzo %6,7a. Ondorioz, EAE urrundu egin da Osasunaren Munduko Erakundeak pandemia kontrolpean eduki ahal izateko ezarria duen langatik: %5.

Bestalde, 24 lagun ospitaleratu zituzten atzo Osakidetzan, herenegun baino hiru gutxiago, eta guztira, koronabirusak kutsatutako 418 pertsona daude ospitaletan. 136 gaixok jarraitzen dute, berriz, ZIUetan.