Abenduaren 3an, datorren ostegunean, Euskararen Nazioarteko Eguna izango da. Horren harira, etxeko txikientzat, Tiritatxorekin egin irri! emanaldia emango du Irrien Lagunakek Iturzaeta Aretoan. Edukiera muga tarteko, bi saio antolatu ditu Getariako Udalak; bata 16:30ean, eta bestea 17:30ean.

Aurrez izena eman behar da turismo bulegoan bertan, edo 943 140 957 telefonora deituta. Gaur, astelehena izanik, turismo bulegoa itxita egongo da.

Iturzaetan ere egun berezia

Iturzaeta eskolan, urtero bezala, Euskararen Eguna ospatuko dute. Aurtengoa, ordea, pandemia dela eta, desberdina izango da. Ikasleek euskal kantak abestuko dituzte, baina txandaka.

Mailaka antolatuko dira, eta 09:00etan hasi eta 16:00ak bitartean, maila bakoitzak ordu erdiko kantu saioa egingo du. Bi irakaslek gitarrarekin lagunduta, hiru euskal kanta abestuko ditu talde bakoitzak. Talde horiek, aretoan eta Haur Hezkuntzako atarian elkartuko dira.