“Azken ia urtebetean 2009ko Irisgarritasun Plana eguneratzen aritu gara. Barneko lanarekin amaitu eta udalbatzaren onarpena jaso ondoren, jendaurrean jarri dugu”, azaldu du Haritz Alberdi alkateak. Abenduaren 15a bitartean, plan hori laburbiltzen duten irudiak eta planoak egongo dira ikusgai udaletxe sarrerako aretoan. Herritarrek planoak ikusteko aukeraz gain, proposamenak egin ahal izango dituzte.

Ekarpenak bi modutara egin daitezke: udaletxean bertan edota posta elektroniko bitartez (getariarrenpartehartzea@gmail.com). Bestalde, planoen alboan QR kodeak jarri dituzte, eta horien bitartez, Irisgarritasun Planaren txosten osoa kontsultatu daiteke. Plana eguneratzeaz Ikersarea enpresa arduratu da.

Haritz Alberdi Irisgarritasun Planaren inguruko azalpenak ematen

Aretoko paneletan bost plano jarri dituzte: batek, gaur egungo egoera zein den islatzen du; besteak, planak jasotzen dituen esku-hartze guztiak egingo balira, etorkizuneko egoera zein izango litzatekeen irudikatzen du; hirugarrenak, legealdi honetako esku-hartzeak biltzen ditu; hurrengoak, esku-hartze guztiak faseka planteatzen ditu; eta azkenekoan, aztertu dituzten 19 eraikin publikotan aurreikusten diren esku-hartzeak agertzen dira.

“Herritar guztiek herriko txoko guztietara iristeko eta baliabideak eskuratzeko eskubide berdinak izatea da Udalaren helburua; eta planak horri erantzun nahi dio. Horretarako, ezinbestekoa da dauden oztopoak eta zailtasunak identifikatzea, eta gero irtenbideak bilatzea”, adierazi du Alberdik.

“Iparra markatzeko plana”

Planak 2009az geroztik egindako esku-hartzeak jaso, eta aldi berean, hurrengo urteetan egin beharrekoak zein diren zehazten ditu. “Kalean, eraikin publikoetan, eta garraioaren eta komunikazioaren arloan egin beharrekoak biltzen ditu”. Bertan dagoen guztia egiteak, gutxi gorabehera, 8.000.000-9.000.000 euroko kostua izango luke.

Nahiz eta Udalari dagokion eremua ez izan, portua ere planean dago. Alberdiren hitzetan, “moila Eusko Jaularitzarena da, baina bertan egin beharreko esku-hartzeak jaso egin ditugu. Portu Agintaritzarekin bilera bat egin dugu eta plan hau helaraziko diogu; horrela, beraiek ere eskua sartu behar dutenean sartu dezaten”.

Legealdi honetako esku-hartzeak

Ikersarea enpresak lau urteka banatu du plan osoa, eta 2019-2022 legealdiari begira, hainbat esku-hartze zehaztu ditu. Alde batetik, Elkano, General Arnao eta Aldamar kaleetan zenefak jarriko dira; “horrekin datorren urtean hasiko gara”, argitu du Alberdik. Bestetik, N-634 errepidea eta Malkorbe hondartza lotzen dituen aldapan dauden kale-argiak tokialdatuko dituzte. Gaur gaurkoz, “oztopo dira eta espaloia estutu egiten dute; lekuz aldatuta, espaloia zabaltzea lortuko dugu”.

Azkenik, herriaren beheko eremua eta goikoa nola lotu daitezkeen aztertuko dute. “Eskailera mekanikoak ez dira, inondik inora, irisgarriak. Horregatik, herriaren bi zati horiek lotzeko irtenbide bat bilatzen saiatuko gara”. Aipatutako lan horiek 800.000 eta milioi bat euro arteko kostua izango lukete.