Atzo adostu zituzten Espainiako Gobernuko eta autonomia erkidegoetako osasun agintariek Eguberrietako ospakizunetarako neurriak. Bilkuraren ondoren, Salvador Illa Espainiako Gobernuko Osasun ministroak neurri horien berri eman zuen.

Alde batetik, abenduaren 23tik urtarrilaren 6ra, erkidego batetik bestera joatea baimendu egin dute. Lekualdatze horiek, ordea, familia topaketetara joateko edo horietatik itzultzeko bakarrik egin daitezke; gainerakoan, mugatuta egongo dira erkidego arteko bidaiak. Bestalde, Eguberrietako ohiko bazkari eta afarietan ezingo dira hamar pertsona baino gehiago elkartu, eta bi bizikidetza talde baino gehiago ez elkartzeko gomendioa egin dute.

Gaueko mugikortasunari dagokionez, Gabon gauean eta Urtezar gauean etxeratze agindua 01:30 arte luzatu dute. Ekitaldi jendetsuak ere bertan behera geratuko dira. Erregeen desfilea eta Olentzeroren etorrera bezalako ekitaldiak ezingo dira urtero bezala egin; egitekotan, leku finko batean eta edukiera kontrolatu daitekeen eremuetan egin beharko dira.