Getaria, Mutriku, Deba, Zumaia eta Orioko alkateek gutuna bidali diote Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuari. Bertan, hondartzetako sorospen zerbitzuaren kudeaketarako mahaia lehenbailehen biltzeko eskatu diote, “guztiok elkarrekin gaiaz hitz egin eta 2021eko hondartzen denboraldiari gaurtik irtenbideak bilatzeko”.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta udalek duten hitzarmenari egin diote erreferentzia EH Bilduko alkateek, beraiek gehitutakoari “bide emateko momentua” dela adieraziz: “Ezin dugu gehiago itxaron”. Argitu dutenez, honakoa jasotzen du itunak: “Gipuzkoako Hondartzen Lurralde Mahaia mantendu eta dinamizatuko du, besteak beste, sortu daitezkeen kudeaketa arazoei irtenbide adostua emateko. Eta beharrezko lantaldeak atonduko ditu alor horiekin lotutako auziak jorratzeko. Bereziki sorospen zerbitzua amankomunatzea aztertuko duen lantaldea abian jarriko du, aukerak aztertu eta proposamenak landu ditzan, etorkizun hurbilean helburu hori lortzeko”.

Eskari bat egin dute azken hilabeteetan dute kostako herriek: Bizkaian egiten den bezala, Aldundiak kudea dezala hondartzetako sorospen zerbitzua. Gaur urtebete, Gipuzkoako Batzar Nagusietara eraman zuten aldarria, baina EAJ eta PSEren ezezko botoekin, atzera bota zuten.  Aurrez, Orio, Mutriku eta Hondarribiko udalbatzarrek, aho batez, eta Getaria, Zumaia eta Debakoek, gehiengoz, onartu zuten.

Hondartzen kudeaketak gastu handia eragiten diela azaldu dute udalek. Getarian, esaterako, aurrekontuaren %3,6 suposatzen du, Haritz Alberdi alkateak iaz adierazi zuenez. Kopuru zehatzetan, hondartzetako sorosle zerbitzuak, 2020an, 138.000 euroko kostua eragin du herrian, alkatearen esanetan, eta Aldundiak 10.576,80 euroko laguntza eman du.

Egoeraren aurrean, erantzun bat behar dela zehaztu du Alberdik: “Arazoak bere horretan jarraitzen du eta erantzun bat garaiz ematen ez badiogu, gero eta handiagoa izango da. Ondorioak ez dituzte gure herritarrek bakarrik pairatuko, bertakoen eta mundu osotik datozen bisitarien segurtasunaz ari gara”, gaineratu du.

 

Lotutako albisteak: