Datorren abenduaren 19an emango du Kresala Dantza Taldeak Amoria&Dolore. Elkano, lehen mundubira ikuskizuna. Hura ikusteko sarrerak salgai daude atzotik, abenduaren 5etik. Getariako herritarrek lehentasuna izango dute eta aurreneko egunetan, abenduaren 11 arte, kanpokoek ezingo dute sarrerarik erosi. Txartelek 10 euro balio dute eta turismo bulegoan eskuratu daitezke.

Orotara, 30 dantzarik intepretatuko dute Faustino Aranzabalek prestatutako koreografia. Sortzaileek azaldu dutenez, ikuskizunak “euskal nabigazioaren urrezko aroan” du abiapuntua: “Elkanoren lehen mundu bira gogora ekarriz, antzinako musikan du inspirazio iturri nagusia, dantzaren herri adierazpenak beti izan baitu gaurkotasuna, kulturaren erreferente artistiko-historiko bezala”. “Ikerkuntza eta berrinterpretazioa lagun”, ondare artistiko eta koreografiko berria sortu dutela gaineratu dute.

 

Dantza preklasikoko bilduma osatu dutela zehaztu dute, “antzezpena era naturalean eta askean burutuz”. Ikuskizunak ekitaldi bakarra du, 17 eszenaz osatua. Diotenez, obrak Esquivel, Iztueta eta Gadesi erreferentzia egiten die; gainera, “Artze, Etxepare eta Galeanoren poemek obra goitik behera hezurmamitzen dute, poesia giltzarri bilakatuz”.

Emanaldia abenduaren 19an, 19:00etan, Sahatsaga kiroldegian izango da.

 

Argazkia: dantzan.eus