Bertsozale Elkarteak datorren irailean hasiko litzatekeen Bertsolari Txapelketa Nagusia atzeratzea erabaki du; “nekez betetzen dira txapelketa behar bezala gauzatzeko baldintzak”. Momentuz ez dute data berririk zehaztu, eta pandemiaren bilakaeraren eta bertsolaritzaren egoeraren arabera erabakiko dutela azaldu dute.

Aurretik beste zenbait txapelketa eta saio bertan behera utzi behar izan dituzte. Udazkenean bi txapelketa ziren jokatzekoak, eta biak atzeratu egin zituzten: Bizkaiko Bertsolari Txapelketa eta Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoa elkartzen dituen Xilaba txapelketa. Era berean, duela aste batzuk aurreratu zutenez, 2021eko lehenengo hilabeteetan egitekoak ziren Arabako eta Nafarroako bertsolari txapelketak ere atzeratu egingo dira.

Plazak “biziberritzeko” ekimenak

“Hala ere, bertsolaritzaz gozatzeko guneak bultzatzen eta antolatzen jarriko dugu indarra urte berrian ere”, aitortu du Bertsozale Elkarteak. Hala, datozen egunetan, herriz herriko bertso-eskolen eta antolatzaileen lana balioan jarri eta plaza sustatzeko ekimena aurkeztuko dutela adierazi dute; betiere, osasun neurriekin bat datozen protokoloak adostuz, “kultura eta bertsolaritza bizigarriak direlako”.

Argazkia: Bertsozale Elkartea