Iragan den urriaren 17an jokatu zuen Keta Sharks saskibaloi taldeak 2020-2021 denboraldiko lehenengo partida. Bigarrena urriaren 25ean izan zen, baina ondoren, pandemiaren ondorioz, lehia eten egin behar izan zuten. Hala, ia hiru hilabeteren ondoren, bihar jokatuko dute denboraldiko hirugarren partida. Lehengo denboraldian maila igoera eskuratu ondoren, Euskadiko Gizonezkoen 2. mailan lehiatuko da talde getariarra.

Iosu Mugika Ketako koordinatzaileak ARTZAPEri adierazi dionez, “asteartean jaso genuen Euskal Saskibaloi Federazioaren komunikatu bat esanez, taldeak martxan jartzeko”. Biharko partida Getarian jarri nahi izan zutela ere azaldu du, baina San Antonetako ekitaldietako bat Sahatsaga kiroldegian egingo denez, joko zelaia aldatu egin behar izan dute. “Aurkariarekin hitz egin dugu eta partida hau Durangon jokatzea adostu dugu; ondoren, Durangon jokatu beharko litzatekeena Getariara ekarriko dugu”. 17:00etan hasita, Durangoko Tabirako Baque taldearen aurka arituko dira norgehiagokan getariarrak.

Hainbat baimen eskuratu eta protokoloak idatzi behar izan dituzte, eta azkenean, duela bi aste eta erdi inguru hasi dira entrenatzen jokalariak.

Areto futboleko eta futboleko txapelketak etenda

Futboleko eta areto futboleko taldeek badaukate entrenatzeko aukera, eta “segur aski txapelketak ere martxan jarriko dituzte, baina oraindik ez dakigu hasiko garen edo ez”, azaldu du Mugikak.

Gipuzkoako Futbol Federazioak jakitera eman duenez, futbol txapelketa federatua ez da otsailaren 7a baino lehen hasiko. “Prestakuntzarako lagunarteko partidei, lehiaketari berrekiteko aukerari eta txapelketaren formatuari dagokienez, hurrengo egunetan hartuko da erabakia, informazio guztia bildu eta EAEko hiru lurralde federazioekin bilera egin ondoren”, adierazi du ohar bitartez Gipuzkoako Futbol Federazioak. Bilkura hori datorren ostiralean egingo dute. Areto futbolari dagokionez, oraingoz, ez dute txapelketa hasieraren datarik aurreratu.