Azkenaldian zaila da Irati Idiakez munduko zein txokotan dagoen jakitea: egun batean Sierra Nevadan, bestean Finlandian… Gure telefono deiak Vielhako hotelean harrapatu du getariarra, bere atseden egunean, hain justu. Oraindik, asteburuko txapelketan lortutako bigarren postuak utzitako ajearekin jarraitzen du. Hala ere, hilaren 13an eta 14an egingo den Finlandiako Munduko Kopan dauka jarrita begirada.

Asteburuan Espainiako Movistar SBX Kopan bigarren postua lortu zenuen. Egindakoarekin gustura?
Oso gustura. Gainera, inoiz ez bezala, desgaitasunik ez daukaten pertsonekin lehiatu naiz; ni nintzen desgaitasuna zuen bakarra. Aurkariak gazteagoak ziren, baina lortutakoarekin ikaragarri pozik nago.

Bestetik, Baqueiran (Lleida) ez daukagu bordercross modalitatean entrenatzeko aukerarik; bakarrik pistak daude, eta ez daukagu saltorik… egiteko aukerarik. Sierra Nevadan (Granada), ordea, zirkuituaz gain, snowparka ere irekita zegoen eta denetarik probatu genuen. Behintzat, Finlandiako Munduko Koparako pixka bat prest egoteko esperientzia hartu dut. Finlandiako txapelketa ere bordercross modalitatean egingo da eta oso teknikoa izango da.

Lasterketan bertan zein sentsazio izan zenituen?
Egun bat lehenago joan ginen gu, eta zirkuitua probatzeko aukera eduki genuen. Egia esan, hasieran, zirkuitua ikusi nuenean, pixka bat atzera egin nuen. Baina probatu eta segituan hartu nion neurria, eta oso ondo. Ez zitzaidan zaila egin, eta lortutako emaitzarekin kontentu.

Bihar Finlandiara…
Bai, otsailaren 4an goaz eta hiru egun konfinatuta egon behar dugu. Zirkuituak probatzeko hiru egun izango ditugu. Gero, 12an, entrenamendu ofizialak egingo dira, eta 13an eta 14an Munduko Kopako bi lasterketak.

Joan den asteburukoa bezala izango da. Hasieran, bakoitzak jaitsiera bat egingo dugu eta denbora hartuko digute. Lortutako denboraren arabera, launaka jarriko gaituzte eta gero, lortutako postuaren arabera, puntuazio jakin bat emango digute. Ondoren, puntu horien arabera ranking bat egingo da.

Aurrerago txapelketa gehiago ba al dituzue?
Ez daukagu gehiago. Berez, La Molinako (Girona) Munduko Kopa geneukan, baina Espainian COVID-19ak eragindako egoeragatik, bertan behera geratu da.

Finlandian gaudela Espainiako Kopako bigarren fasea egingo da, baina Finlandian egongo garenez, ezingo gara hara joan. Hirugarren fasea, ordea, uste dut Baqueiran egingo dela, eta hori egiten bada, nik uste joango garela. Martxoa inguruan izango dela uste dut.

Txapelketa hauetan lortzen dituzun puntuek aurrerago ere balio al dizute?
Ranking internazionala da garrantzitsua. Ranking horretarako Espainiako Kopan lortutako puntuek ez didate balio. Baina, adibidez, Finlandian lortzen ditudanek bai; edo La Molinako lasterketa egingo balitz, hangoek ere bai. Munduko kopak direlako, hor lortutako puntuek balio dute. Europako Kopa egingo balitz ere bai, baina Europako Koparik ez dago.

Ranking internazionaletako puntuek balio dute mundialetarako edo olinpiadetarako. Espainiako Kopako lasterketak, berriz, esperientzia hartzeko balio du.

Beraz, pandemiak txapelketak ere baldintzatu ditu
Bai, pila bat. Berez, Finlandiako hau abenduan egin behar zen. Gero, beste lau bat lasterketa geneuzkan, baina bertan behera geratu dira denak.

Entrenamenduak ere baldintzatu al ditu izurriteak?
Bai, dezente. Adibidez snowparka itxita dago eta ezin ditugu saltoak, irteerak… praktikatu. Bestetik, pistak guretzako bakarrik daude, eta alde horretatik, ez gaude gaizki. Gustura gaude, baina azkenean, aukera gutxiago ditugu.

Azken asteetan hedabide ugaritan ikusi zaitugu, nola daramazu hori?
Egia esan, pixka bat flipatu egin dut, leku askotatik ari zaizkit deika. Esaten didate hori ona dela, eta alde batetik gustura nago, baina ni ez nago horri begira. Deitzen didate eta agendan leku bat egiten saiatzen naiz. Nahikoa lanpetuta bizi garenez, deskantsu orduak aprobetxatzen ditut beraiekin hitz egiteko. Oraingoz, presioa ondo daramat, baina azkenengo txapelketa hau eta gero, flipatu egin dut eduki duen boomarekin.

Jendeak ni ezagutzea garrantzitsua da. Snowboarda ez da dagoen kirol ezagunenetarika; gainera desgaitasuna edukita eta neska izanda zailagoa da. Orduan, horrelako gauzak oso ondo etortzen zaizkigu.

Eta Astrid Finaren oinordeko izendatu izana?
Presioa da pixka bat. Berak olinpiadetan domina atera du, horrek esan nahi du, nigandik ere hori espero dutela. Saiatuko naiz, baina ikusiko da, pixkanaka dena.

Argazkia: FEDDF