Eusko Jaurlaritzak joan den abenduaren 10ean publikoki aurkeztutako Getariako portuko Plan Bereziari jarritako alegazioak azaldu zituen atzo Haritz Aberdi alkateak Udala Informatzen saioan. Online egin zuen agerraldia, eta konexioarekin bat egin zuten 30 pertsona baino gehiagok. Orotara, Getariako Udalak 13 arrazoibide aurkeztu dituela jakinarazi zuen.

Herrian hizketagai izan da gaia azken asteetan, eta proiektua bere horretan egingo den zalantza zabalduta dago; herritarren galderetako bat izan zen atzo. Alberdik adierazi zuenez, “ezin da ziur jakin zenbateraino beteko duten, baina planek daukatena da, behin onartuta, egin dezaketela. Etorkizunean egin ahal izango denaren irudia da”. Hori aintzat hartuta, gaiaz batzordean hitz egin ondoren, aurkeztu du alegazioa Udalak.

Planaren helburua ez du partekatzen Udalak, izan ere, Eusko Jaurlaritzak dio azken hogei urteetan behera egin duela arrantza-ontzi kopuruak zein tamainak eta ez dela aurreikusten joera aldaketarik. Alberdik adierazi zuenez, “ezin da hori ontzat eman”, horregatik joera aldaketarako “moila zaharreko arrantzako kaien ur-geruzaren erabilera baxurako eta artisau arrantzarako mantentzea nahitaezkoa” dela jasotzen du alegazioak.

Kirol arrantzari dagokionez, herrian dagoen zaletasuna eta ohitura azpimarratu zituen alkateak, “ondare immaterial” gisa. Getariarren eskaerari erantzuteko nahikoa amarraleku daudela baina “modu egokian ordenatu” behar direla dio Udalak. Jaurlaritzak idatzitako planean, aldiz, zehazten da 211 daudela itxaron zerrendan. Era berean, portuan eskainitako ur kirolak ere herriak “bere” dituen aktibitateak beharko luketela irizten dio, “hala nola, arrauna, urpekaritza, surfa…”. Gainera, kofradia zaharraren kaian bainua baimentzea eskatu du.

Proiektuak eragingo duen eremua herriko Arau Subsidiarioetara egokitzeko ere eskatu zaio Jaurlaritzari.

Eraikinak birgaitzea lehentasun

Eraikin berriak egin ordez, moilan dauden zenbait, kofradia zaharra esaterako, birgaitzea nahi du Udalak. Maila ezberdinetako erakundeen plangintzek, tartean Eusko Jaurlaritzarenek eta Europako Batasunarenek, hori lehenesten dutela argudiatu zuen Alberdik. Gainera, iaz egindako parte-hartze prozesu batean ondorioztatu omen zen “jarduera ekonomiko tradizionalak eta berritzaileak” nahi zirela bertan.

Hala, espazio horretan aloimendua jartzea debekatzeko eskaria txertatu da arrazoibideetan. 2020an idazten hasitako Turismo Iraunkorreko Plana ardatz hartuta, Getarian dagoeneko aholkatutakoa baino plaza gehiago daudela argudiatu du. Bestalde, itsas etxe bat bezalako azpiegitura bat begi onez ikusiko luke.

Antzeko irizpideari jarraitu dio Udalak aparkalekuei dagokienez ere, “goiko aparkalekuak ordenatzeko bada eta oinezko espazio irekiak sortzeko, lurpeko aparkalekuren bat egitea ondo iruditzen zaigu”. Dena den, uko egiten dio, “besterik gabe”, 555 aparkaleku gehitzeko proposamenari, “izan ere, herriak jasotzen duen bisitari kopurua handia da dagoeneko, eta aparkaleku gehiago egiteak kalte egingo lioke eskaintzen den kalitateari”. Gainera, lur azpikoak egin aurretik, egungo eraikinak horretarako erabiltzea proposatzen du.

Bestalde, Malkorbe hondartzari zatia kentzea ez du ondo ikusten Udalak, urte guztian erabiltzen dutelako herritarrek, familiak gehien batzen diren gunea delako eta eguzkiak gehien jotzen duena. Gainera, hor egin asmo duten eraikineko jarduerak Tintalekuan garatzea bideragarri iruditzen zaio. Hain zuzen ere, azken eraikin hori ongi definitu beharra aldarrikatu du arrazoibideetan, baita estalkiaren, Katrapuna plazaren, erabilera publikoa bermatzekoa ere. Azkenik, San Anton mendiaren azpiko eraikinak planetik kanpo uztea eskatu du.

Eraginkortasunari lotuta, energia produkzioko azpiegiturak baimentzeko eta irizpide bioklimatikoak bultzatzeko eskatu da, baita “itsas-mailaren igoerak portuko eremu urbanizatuan izan dezakeen eragina” aztertzeko ere.

Planak jasotako epeak aldatu, eta kofradia zaharrari eta Tintalekuari lehentasuna ematea jaso da alegazioetan.

Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa

Legeak dio udalerri euskaldunetako egoera soziolinguistikoan eragin dezaketen lanak egiterako garaian, horiek euskararen erabileraren normalizazioan izango duten inpaktua aztertu eta neurriak proposatu behar direla, Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa landuta. Alberdik atzo adierazi zuenez, Portuko Plan Bereziak ez du halakorik jasotzen, “Getaria ez dutelako euskararen arnasgune gisa hartu”. UEMArekin batera osatu du Udalak arrazoibide hori.

Gainera, txostenean genero ikuspegiaren falta ere sumatu du Udalak.

 

Lotutako albisteak: