Getariako Udalak antolatuta, eta Getarian.Gozatu.Kultura egitasmoaren baitan, Ane filma emango dute Iturzaeta aretoan. Otsailaren 28an, igandean, 19:00etan hasita egingo da emanaldia. Koronabirusaren aurkako protokoloa dela eta, edukiera mugatua izango da. Sarrerak datorren asteartetik, otsailaren 23tik, aurrera eskuratu daitezke turismo bulegoan, lau euroren truke.

David Pérez Sañudok zuzendutako lan hau lehengo urteko Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten; hain justu, Zuzendari Berriak sailean. Besteak beste, Euskal Zinemaren Irizar saria jaso du, eta datozen Goya sariak irabazteko hautagaia da bost ataletan. Patricia López Arnaíz, Mikel Losada eta Jone Laspiur aktoreek gorpuzten dituzte filmeko pertsonaia nagusiak. Ekoizpenak ordu eta berrogei minutuko iraupena du.

Istorioak, ama (Libe) eta alaba (Ane) baten arteko belaunaldi-gatazkaren bitartez, duela hamar urte baino gehiagoko euskal gatazkaz hitz egiten du; filmean, ordea, euskal gatazka bera ez da esplizituki aipatuko. Ane desagertu egingo da eta Libe, bere bikote ohi Fernandorekin batera, alabaren bila hasiko da. Ikerketa horretan, berekin bizi izan den alaba ez zuela ezagutzen konturatuko da. Filmaren trailerra ikusi nahi izanez gero, klikatu hemen.

Argazkia: eitb.eus