Bihar, larunbata, jokatuko du Keta Sharksek denboraldi berriko lehen jardunaldia. Iosu Mugika Ketako koordinatzaileak ARTZAPEri azaldu dionez, “astelehenean egutegi berria zehaztu genuen”. Izan ere, izurritea dela eta, Euskal Saskibaloi Federazioak taldeei denboraldiarekin jarraitu edo ez erabakitzeko aukera eman die: “Batzuek ez jarraitzea erabaki dute, beste batzuek berriz, gu barne, aurrera egitea. Horregatik, talde gutxiagorekin denboraldi berri bati emango diogu hasiera eta bihar jokatuko dugu lehenengo partida”, dio Mugikak.

Biharkoan Escolapios de Bilbao taldearen aurka jokatuko du partida Keta Sharks saskibaloi taldeak. 18:00etan hasita, Sahatsaga kiroldegian izango da norgehiagoka. Koronabirusaren aurkako neurri modura, ikuslerik gabe jokatu behar dituzte partidak; hala ere, Keta Sharksen Twitch atariaren bidez zuzenean jarraitu ahal izango da.