Eusko Jaurlaritza Gaztela eta Leongo, Gaztela-Mantxako, Extremadurako eta Andaluziako gobernuekin bildu da Madrilen duen ordezkaritzan. Bileraren xedea, “turismo-produktu gisa, Getaria-Sanlúcar Ibilbidea diseinatzea eta hura estatuko eta nazioarteko merkatuetan sustatzeko” lerroak zehaztea izan da.

Izan ere, lehen mundu bira Elkano Getariako marinelak gidatuta amaitu zuten, eta espedizioa Sanlucar de Barramedan hasi eta amaitu zen. Hala, ibilbideak bi herri horiek lotuko ditu eta V. mendeurrenaren inguruan egituratuko da.

Basquetour Turismoaren Euskal Agentziako zuzendari Daniel Solana Getaria-Sanlúcar ibilbideak gurutzatzen dituen autonomia erkidegoetako turismo sustapeneko arduradunekin bildu da. Bertan, ibilbideko puntuak eta haien garrantzi historikoa modu bateratuan identifikatzeko konpromisoa hartu dute. Era berean, ibilbideak nazioartean “proiekzio argia” duela eta Portugalekin –Magallanesekin duen loturagatik– eta orain dela 500 urte espedizioa igaro zen herrialdeekin ekintza zehatzak egitea baloratu dute.

Kontakizun bateratua osatzea helburu

Hartutako konpromisoetako bat izan da, aurten, turismo agentzietako teknikarien landa lanaren bitartez, autonomia erkidego bakoitzaren turismo-, kultura- eta historia-edukiak identifikatzea. Ikerketa-lan horren bitartez, kontakizun bat osatuko da. Basquetourreko zuzendariak azaldu duenez, bilera horretan “autonomia-erkidego guztiek jarduketa- eta inbertsio-plan bat antolatzeko konpromisoa hartu dute. Horien helburua izango da, 2022an, ibilbidea sustatzen eta merkaturatzen hastea”.

Hala, ibilbidea proiektuan parte hartzen duten autonomia erkidegoen marketineko ekintzetan eta sustapen kanaletan azalduko da. Bestalde, ibilbidea izango denaren eta izango duen balio turistikoaren aurrerapen bat maiatzean egingo den Fitur azokan ikusi ahalko da.

Argazkia: irekia.eus