Atzo arratsaldean egin zuen bilera Labi batzordeak, eta azken asteetako ia neurri guztiak mantentzea erabaki bazuen ere, mugikortasun neurriak arinduko dira asteartetik, martxoaren 9tik, aurrera. Hala, herrietako mugak gainditu eta Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban ibili ahal izango dute herritarrek. Bada beste berrikuntza bat, intzidentzia tasari lotutakoa, izan ere, herri bakoitzeko neurriak zorrozteko, 500ndik gorako tasaren erreferentzia erabiltzeari utziko dio Eusko Jaurlaritzak.

Esan bezala, ganerako neurriek bere horretan jarraituko dute: 22:00etik 06:00etara ezingo da kalean egon, bilkurak lau pertsonakoak izango dira gehienez, merkataritza zein kultura jarduerek 21:00etarako amaitu beharko dute, eta taberna nahiz jatetxeak 20:00etan itxiko dira.

Asteartetik aurrera

Martxoaren 8ko ekitaldiek eragin dezaketen joan-etorriengatik erabaki du Jaurlaritzak neurriak asteartetik aurrera lasaitzea. Horrela, astelehenean, martxoaren 8an, argitaratuko du dekretu berria; hurrengo egunean jarriko da indarrean. Horren baitan egongo dira lan eskaintza publikoen eta aire librean egindako jardueren inguruko zehaztapenak ere. Bestalde, Urkulluk iragarri du hogei egunetara berriro aztertuko direla neurriak.

Iñigo Urkullu lehendakariaugak egin zuen atzo agerraldia eta egoera epidemiologikoaren joera positiboa dela adierazi zuen. Hala ere, beheraldia makaldu egin dela azaldu zuen, eta tabernak irekitzea ahalbidetu zuen epaiak horretan eragina izan zezakeela. Egungo egoeraren aurrean, zuhurtziaz jokatzen jarraitzeko lau arrazoi azpimarratu zituen: COVID-19aren aldaera berrien arriskua, beheranzko joeraren mantsotzea, inguruko herrialdeen bilakaera negatiboa eta neurriak azkarregi arintzeak egin lezakeen kaltea.