Getariako Udala osatzen duten bi alderdiek, EH Bilduk eta EAJk, Emakume Langileriaren Nazioarteko Egunaren harira adierazpen instituzional bateratua plazaratu dute. Alde batetik, egungo egoeraren inguruko hausnarketa egin dute, eta emakumeen eta gizonezkoen artean dauden desberdintasunak aipatzen dituzte. Bide horretan, argi adierazi dute pandemiak agerian utzi dituela mugimendu feministak eta emakumeen kolektiboak egiten ari ziren zenbait aldarrikapen: “Giza bizitza zaurgarria da, eta giza ingurunearen, ingurumenaren eta ingurune komunitarioaren zeharo mendekoa”.

Zaintza-lan guztiei dagokien balioa emateko garaia dela ere adierazi dute; horrela, “pertsona guztientzat ekitate eta ongizate handiagoa sortzeko”. Horrez gain, udalak “lehen lerroan” daudela, eta “liderrak izan behar dugu zaintzari eta haren hornikuntzari buruzko politika publikoak bultzatzeko orduan, erantzunkidetasun publikotik abiatuta”, gaineratu dute.

Bestalde, Getariako Udalak hartuko dituen konpromiso zehatzak azaldu dituzte:

  • Getarian lehenengo Berdintasun plana diseinatzea eta epe ertain baterako plangintza definitzea. Horretarako, datuak aztertu eta udaleko eta herriko eragileen partaidetza bultzatuz, genero berdintasunaren diagnostikoa 2021ean egitea.
  • Herriko eragileekin elkarlanean, gizartean zaintza antolatzeko ereduari buruzko eztabaida bultzatzea, bizitza erdigunean jartzean oinarritzen den ikuspuntu feminista batetik abiatuta, zaintzaren erantzunkidetasun sozial eta komunitarioranzko bidean.
  • Kolektibo zaurgarrienen egoerari eta beharrizanei, baita COVIDaren ondorioei aurre egiteko neurriak martxan jartzerakoan, genero-ikuspuntuari arreta jartzea.
  • Berdintasun erreal bat lortzeko bidean, mugimendu feministari eta beraien aldarrikapenei sostengua eta babesa ematea.