Izurritea dela eta, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako Foru Aldundiek antolatu ohi dituzten Udalekuak bertan behera geratu ziren lehengo urtean. Aurten, ordea, bueltan izango dira. 7 eta 13 urte bitarteko haur eta gazteei zuzendutako egitasmoa da, eta guztira, 2.321 plaza egongo dira hiru lurraldeetan zehar banatuta.

Udalekuak, uztailaren 1etik 29ra bitartean, 7 eguneko txandetan, egingo dira, eta kuota orokorrak (hobariak kontutan hartu gabe) 130 euroko kostua izango du. Orotara, 16 instalazio egongo dira: horietatik lau Gipuzkoan daudenak.

Gipuzkoako izen-ematea apirilaren 13an zabaldu eta 20an amaituko da. Behin-behineko izen-ematea egiteko hiru bide daude: Interneten, Udako Programen Bulegoan (Gaztegune: Anoeta pasealekua, 28 – Donostia) eta kanpainan parte hartzen duten Udal-bulegoetan. Ondoren, apirilaren 27an egingo da zozketa. Hala, apirilaren 28 eta maiatzaren 6a bitartean egin beharko da behin betiko izen-ematea.

Erakundeetatik ziurtatu dutenez, segurtasun neurri zorrotzak hartuko dituzte, eta begirale guztiak pandemiari aurre egiteko prestatuta egongo dira. Arabako eta Bizkaiko udalekuen inguruko informazio gehiago ondorengo esteketan topa daiteke: araba.eus eta bizkaia.eus.