Herenegun Osakidetzak ez zuen koronabirusean positibo emandako inor atzeman Getarian. Atzo, ordea, bi kasu berri identifikatu ditu. Ondorioz, intzidentzia-tasak gora egin du eta 600,71tik 671,38ra igo da.

Araba bezala, 400 kasuko intzidentzia gainditu ostean, Gipuzkoa ere eremu gorrian dago. Azken hori, ordea, ez da perimetralki itxiko. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak datorren astelehenean argitaratuko du itxiera perimetrala ezarri beharreko udalerrien zerrenda. Bizkaiak, berriz, 317,39ko intzidentzia metatuarekin, eremu laranjan jarraitzen du.

10.709 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo Euskal Autonomo Erkidegoan, asteazkenean baino 329 test gehiago, eta positiboen ehunekoa %7,4koa izan da –herenegun %7,1koa izan zen–. Gipuzkoan zenbatu dituzte positibo gehien, hain justu, 334; Bizkaian 314 positibo izan dira, eta Araban 140.

Gela arruntetan dagoen gaixo kopuruak bere horretan eutsi dio, eta gaur-gaurkoz, 366 lagun daude bertan. ZIUetan, berriz, herenegun baino hiru gaixo gehiago daude koronabirusak jota; alegia, 106 pertsona. Atzoko egunez, orotara, 74 ospitaleratze berri izan ziren EAEko erietxeetan.

 

Lotutako albisteak: