Bihar, apirilak 10, aurkeztuko dute Getarian Getaria 1936-1945. Giza Eskubideen zapalketa eta errepresioa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoa deitu zaion ikerketa lanaren emaitza. Ikerketari esker hildako hainbat herritar berri identifikatu direnez, lehendabizi, hilerrian dagoen oroitarriko plaka eguneratu eta aurkeztuko da. Bertan, 11:00etan hasita, omenalditxo txiki bat egingo zaie “Francoren altxamendu faxistaren aurka eta ondorioz hildakoei”. Segidan, 12:00etan, liburuaren aurkezpena egingo da Katrapuna plazan.

Getariako Udalak sustatuta, ikerketa zientifikoa egin eta liburua idazteaz Aranzadi Zientzia Elkartea arduratu da. Laguntzaileak, berriz, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Gogora (memoriaren, bizikidetzaren eta giza eskubideen institutua) izan dira. Lekukotzak nahiz han eta hemengo artxiboetan eskuratu diren dokumentuak asko izan dira, eta horietatik guztietatik lortutako informazioarekin idatzi da ekitaldian bertan, eta ondoren turismo bulegoan, doan emango den liburua. Orotara, interesa agertzen dutenen artean 500 ale banatuko dira.

Udaletik adierazi dutenez, “liburuak errepaso sakona egiten dio urte haietan Getarian, edo getariarrek, bizitakoei: fusilatuak, kanporatuak, espetxeratuak, hildakoak, jazarriak… ahanzturan egon den guztia azalerazten saiatu gara; egiariari eta erreparazioari bide ematen. Hilerriko eta Katrapunako ekitaldiek askatasunaren alde dena eman zuten herritarren konpromezua aitortu nahi ditu”. Era berean, Getariarrei bertaratzeko gonbitea luzatu die udalak.

Argazkia: Getariako Udala