Koronabirusa tarteko, iaz, bertan behara utzi behar izan zituzten San Prudentzio auzoko festak. Aurtengoan ospatuko dira, baina egungo egoerara egokitutako festak izango dira. San Prudentzioko Lagunak (SPL) taldeak azaldu duenez, “aurten ere guk nahi bezelako festak antolatzeko aukerarik izan ez arren, egungo egoerara moldatuz eta irizpide arduratsuekin, apirilaren 24 eta 25eko astebururako egitaraua prestatu dugu”.

Apirilaren 24ean, larunbatean, 18:00etan hasita, Ximaurfest bertso-saioa izango da. Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña bertsolariak arituko dira oholtza gainean bertsotan. Saioa doakoa izango da, baina edukiera mugatuta egongo denez, izena eman beharko da. Izen-ematea Harritarte dendan egin beharko da, gaurtik aurrera.

Apirilaren 25ean, igandean, Altza porru! ekoizle txiki eta jasangarrien Sanpruentzako I. azoka egingo da. San Prudentzioko plazan jarriko da azoka eta 15 ekoizle inguruk parte hartuko dute. “Ekoizle guztiak desberdinak izango dira: barazkigileak, artisauak, okinak, arropagileak, ardogileak..”. Azoka 10:00etatik 14:00etara egingo da, eta tarte horretan, hainbat proiekturen aurkezpenak ere egingo dira: 11:30ean Ametsola Etxalde Ekologikoarena, 12:15ean Euskal Lupuluarena eta 13:00etan Biba Ardoakena.