Bost gazte getariarrek osatutako taldea pasa den astean aritu da Donostiako “Corsarios” estudioan beraien lehen diskoa grabatzen, eta oraindik guztiz amaitu ez arren, diskoaren zatirik handiena grabatzea lortu dute. 2019an lagun giroan sortu zen taldea Mikel Agirre (ahotsa), Aitor Garmendia (gitarra), Iosu Rezola (baxua), Xabi Irigoien (bateria) eta Aratz Perezek (2. gitarra) osatzen dute, eta pare bat kontzertu eta hamaika ordu entsaiatzen pasa ondoren, beraien lehen diskoa grabatzearen aldeko apustua egin dute.

Guztira 12 kanta grabatu dituzte, euskaraz eta ingelesez, denak hardcore melodiko estilokoak, eta nahiz eta oraindik emaitzaren zain egon, lanarekin oso gustura daudela adierazi dute: “Hasieran beldur apur bat geneukan, guretzat esperientzia berria baitzen, baina dena ondo irten dela uste dugu, eta guztiok emaitza entzuteko gogotsu gaude”, nabarmendu dute taldekideek. Diskoa kaleratu ostean, ahal den heinean, edonon kontzertu berriak ematea dute helburu, pixkanaka martxan jartzeko.

Argazkia: Onlifly