Mariñak Getaiko Talde Feministak antolatuta elkarretaratzea egingo da gaur Getarian. 13:30ean hasita, herriko frontoian biltzera daude deituta herritarrak. Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak antolatuta, Euskal Herriko hiriburuetan ere mobilizazioak egingo dira hilketa matxista salatzeko. Urtea hasi denetik Euskal Herrian izandako hirugarren hilketa matxista dela adierazi dute plataformatik.

Herenegun, hilaren 14an, gizon batek emaztea hil zuen Miarritzen, Lapurdin. Euren etxean aurkitu zituzten 75 urteko emakumearen gorpua, eta baita 77 urteko gizonezkoarena ere. Baionako prokuradore Jerome Bourrierrek “nahita egindako hilketa” gisa kalifikatu du erailketa; gizonezkoak andrea hil zuen, tiroz, eta ondoren bere buruaz beste egin zuen. Bourierrek zehaztu du aurrez ez zegoela “tratu txar salaketarik” eta iradoki du “homizidio inboluntarioa” izan litekeela, France Bleu Pays Basque irratiak jakitera eman duenez. Irrati horren arabera, bestalde, poliziak gutun bat aurkitu du hilketaren tokian, “bikotearen nekeaz informatzen duena”.