Azken egunetako koronabirus kutsatuei beste sei gehitu zaizkie. Hain justu, horiexek izan dira atzo Osakidetzak Getarian zenbatu zituen kasuak. Hala, intzidentzia-tasa 1307,42tik 1448,76ra igo da. Bestalde, gaur sartu da indarrean itxialdi perimetrala Getarian. Hori dela eta, erosketak edota aire zabaleko jarduera fisikoa egiteko izan ezik, herriko sarrera-irteerak debekatuta egongo dira. Horrekin batera, taberna eta jatetxeetako barruko ordutegiak mugatu eta kiroldegiko aldagelak itxi egingo dira, besteak beste.

12.301 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo Euskal Autonomia Erkidegoan, bezperan baino 5.047 test gehiago. Horien artean, 779k eman dute emaitza positiboa –herenegun 633 izan ziren–. Hala, positibo tasa %6,3koa izan da, bezperan baino bi puntu baxuagoa. Gipuzkoan zenbatu dituzte kasu gehien; hain zuzen, 375. Bizkaian eta Araban 303 eta 95 kutsatu atzeman dituzte, hurrenez hurren.

Erietxeetako egoerak okerrera egin du eta koronabirusak jota, gero eta gaixo gehiago daude ospitaleratuta: gela arruntetan, 524 lagun daude; ZIUetan, aldiz, 154.