Lehengo urtean bezala, aurten ere ez ditu ohiko udalekuak egingo Urritza Aisialdi Taldeak. Horren ordez, ordea, “udaleku alternatiboak” antolatuko ditu, eta uztailaren 1etik 30era egingo dira. Haur Hezkuntzako 3. mailatik hasi eta Lehen Hezkuntzako 5. mailara bitarteko haurrei zuzendutako udaleku irekiak izango dira; beraz, bigarren urtez jarraian, ez da Txiki Txokorik egongo.

Izen-ematea “online” bete beharreko galdetegi baten bitartez egin beharko da maiatzaren 10a eta 17a bitartean. Bertan, haurren eta gurasoen datuak adierazi beharko dituzte interesatuek. “Aurrerago, udalekuak2021urritza@gmail.com posta elektronikoa erabiliko dugu baimenak eta osasun-txartelak jasotzeko”, azaldu dute Urritzatik. Era berean, oraindik ordainketarik ez dela egin behar ohartarazi dute.

Bestalde, COVIDaren aurkako segurtasun eta higiene neurri guztiak errespetatuko dituztela eta haurrak urteka banatuko dituztenez, talde txikitan antolatuta ibiliko direla nabarmendu dute.