“Getariako herriak aitortzen du zuk egin duzun ibilbidea, aitortzen du zure ekarpena; aitortu eta eskertu jakintzari, kulturari, hizkuntzari, pertsonei, munduari, bestelako bizitzari edo bizimoduari eman diozuna. Getariako herriaren izenean mila-mila esker”, hitz horiexekin ekin zion atzoko aitortza ekitaldiari Haritz Alberdi alkateak. Izan ere, aurten beteko dira 50 urte Amaia Lasak, bere anai Mikel Lasarekin batera, lehen lana, Poema bilduma, argitaratu zuenetik, eta udalak urteurrena aprobetxatuz, Amaia Lasa Alegria, kaiuaren hegaldia ekitaldi sorta antolatu du. Hala, hiru egunetan zehar poeta getariarra omenduko dute; atzokoa izan zen lehenengo ekitaldia.

Alberdik Koldo Izagirre altzatar idazlearen ondorengo hitz hauek baliatuz getariarraren lana goraipatu zuen: “Ezerk ez zion balio artean egindakotik, dena zeukan zerotik eraiki beharra. Zentzu horretan Amaia Lasaren poesia fundazionala da”. Hala ere, Lasaren ibilbide literarioa baloratzeko bera baino pertsona egokiagoak daudela iritzita, poetaren beste alderdi batzuetan jarri zuen harreta Alberdik. “Nik zurekin hiru lotura egiten ditut bereziki: Itsas-Etxeko liburutegia; Nikaragua sandinistan internazionalista bezala aritu zinenekoa; eta azkenik, Rosa Luxemburgo hil zutela 100 urte bete zirenean, Karta Sozialaren izenean Kartzelako gutunak Sophie Liebknechti lana aurkeztera gonbidatu zintugunekoa”. Jarraian, Getariaren izenean Manuel Fernandes getariako bizilagunak egindako margolan bat eman zion Alberdik Lasari.

“Getariako herriak, nolabait, ni poeta bezala onartzea ohore handi bat” dela nabarmendu zuen Lasak. Esker hitzak adierazi ostean, lanbide guztiak direla “nahitaezkoak eta behar-beharrezkoak” gaineratu zuen: “Denok gara beharrezkoak, eta denok merezi dugu aitortza egiten dugun lanagatik”.

Gaztetapeko poesia hitzak

Ekitaldiaren bigarren zatian, Gaztetape hondartzara jaisteko aldapara lekualdatu ziren bertaratutakoak. Han, Lasaren omenez jarritako plaka inauguratu eta lore-sorta bat eman zioten. Plakan Lasaren 1984ko Olerkia poema jarri dute, garai batean Artzapeko arkupeetan jarrita zegoen bera:

“Zuzen zutik itsas gainean eraikia.
Olatuek maitatzen duten harria.
Gure mendi eta itsasoen besarkada baketsua.
Gure begietako Getaria.
Hegohaizeak hamaika kolorez jazten duen lurra.
Kaiu guztien tonpia
Fraileburu hil zuten gauean
Esperantzarik galdu ez zuen herria”.

Atzoko ekitaldiaz gain, gaur eta bihar beste bi egingo dira. Gaurkoan, Itxaro Bordaren, Hedoi Etxarteren eta Lorea Agirreren parte hartzearekin mahai inguru bat egingo da Iturzaeta aretoan, 18:30ean hasita. Bihar, ordu eta leku berean, irakurraldi musikatua bat egingo da. Bertan hainbat herritarrek parte hartuko dute: besteak beste, Eñaut Elorrieta, Patxi Saiz, Kattalin Zubizarreta, Sara Etxegoien, Eneritz Abruza, Mª Luisa Alkorta, Mikel Muñoa, Xabier Insausti eta Saioa Martinez De La Hidalga.

 

Lotutako albisteak: