Eguraldia lagun, makina bat jende, herritarrak zein inguruetako bisitariak, egon da gaur goizean egin den Ekoizle Txiki eta Jasangarrien Sanpruentzako 1. Azokan. Produktu ugaritako postuak jarri dituzte: gazta, arropa, barazkiak, ogia, txakolina… baita auzoko ekoizleen produktuak ere.

Erosi eta etxera eraman ez ezik, bertan dastatu dituzte batzuek, zutik lagunartean zein belardian edo ermita atarian eserita. Bertaratutako batek baino gehiagok aipatu du berriro halako zerbait antolatu eta horretaz gozatu ahal izatearen edertasuna.

Proiektuak ezagutzeko hitzaldiak

Ekoizle eta erosleentzako plazaz harago, esperientziak ezagutarazteko eremu izan da Ekoizle Txiki eta Jasangarrien Sanpruentzako 1. Azoka. Hargatik, eguerdia pasata, bi ekoizlek beraien proiektuen nondik norakoak azaldu dituzte. Hiru ziren izatekoak baina osasun kontuak tarteko, Biba Ardoakeko ordezkariek ezin izan dute parte hartu.

Ametsola Etxalde Ekologikoan barazkiak lantzen dituzte; bi kidek osatzen dute egitasmoa, nahiz eta horietako batek azpimarratu duen ezinbestekoa dutela ingurukoen eta auzokideen laguntza.

Duela urte eta erdi jarri zuten martxan proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako dirulaguntzen bitartez. Aurrez, hiru urte pasa zituzten lur bila eta, azkenean, Elkano auzoan topatu zuten. Bost hektarea dituzte, denak erabiltzen ez dituzten arren. Hain zuzen ere, nekazaritzatik bizi nahi dutenek lurrak eskuratzeko dituzten zailtasunak nabarmendu ditu Ametsolako kideak: “Jendeak nahiago du lurra ezer egin gabe eduki, gazte batzuei utzi baino”.

Beraiek lortu zuten helburua eta gaur egun kontsumo taldeen bitartez eta Zarauzko merkatuan saltzen dituzte produktuak. Garbi izan omen zuten azokan egon behar zutela “hari ere bizitza emateko eta beste jende mota bat gerturatzeko”. Gaur egun, produktu ekologikoen zigilua lortzeko izapideak eginak dituzte eta horrek merkatu berri bat zabalduko diela uste du. Aurrera begira, berriz, hezkuntza arloan sartu nahiko lukete.

“Askizuko zutabe luze horiek”

Askizuko lurretan badira zazpi metroko altuera duten makila batzuk; lupuluak dira, garagardoaren osagaietako bat. Euskal Lupulua egitasmoko kide batek azaldu duenez, duela zazpi urte hasi ziren lanean, lagun kataluniar baten bidez jakin zutenean ez zegoela %100ean Euskal Herrian ekoitzitako garagardorik, ez eta lupulurik ere.

Artisau ekoizpenak indarra hartzen ari ziren orduan. Leongo eredua ezagutu eta lupuluarekin lanean hastea erabaki zuten; ez, ordea, haien ekoizpen ideiarekin, “gure asmoa ez baita norberak dirua ateratzea, baizik eta dibertsifikatzea”. Proiektuan ahalik eta baserritar gehien sartzea nahiko lukete, “lursail txikiekin, elkarrekin kudeatzeko”.

Izan ere, bi multinazional dira lupuluaren merkatuaren jabe, eta horiek saihesteko ahaleginak egiten ditu Euskal Lupuluak, besteak beste, Kataluniako laborategien bitartez eskuratuz merkaturatzeko behar duten zigilua. Azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzari eskatu diote Arabako laborategi batean zigilatu ahal izatea baina erantzunaren zain daude.

Oraindik ekoizpen txikia dute baina gaurko hitzaldian esan duenez, “lortu dugu euskal lupuluarekin egindako garagardoa egiten hastea. Orain euskal garagardogileekin ari gara lanean, lupulua beraien formuletara nola egokitzen den eta zein etekin ateratzen duen aztertzeko”.

Gaurko azoka girotzeko, bi abeslari euskal kantak interpretatzen aritu dira ermitage aurrean.