Garaipenak beti izaten dira bereziak, baina gaurkoa, benetan, hunkigarria izan da. Esperantzak estropada bikaina egin du eta Andoni Galarragaren Oroimen Estropadako bandera etxean geratu da. 20:02,29 denborarekin, lau luzeak egiten lehenak izan dira. Hala, KAE ligako bigarren estropadako garaipena getariarrentzat izan da.

Minutu bateko isilunea egin ostean, hirugarren txandan irten da Getariako trainerua, eta beraz, laugarren txandakoek zer egiten zuten jakin arte zain egon behar izan dute. Itxaronaldia luze joan da, baina merezi izan du. Bandera eurena zela jakin orduko, besoak gora igota, arraunlariek Galarragari eskaini diote gaurko garaipena. Arraunlariek ez ezik, herritarrek ere txalo, ohiu eta malko artean ospatu dute lortutakoa. Ondoren, Galarragaren senitartekoen eskutik jaso dute bandera Esperatzako mutilek.

Getariako Arraun Elkarteak sare sozialen bitartez jakinarazi duenez, 19:30ean, udaletxeko balkoitik bandera astinduko dute arraunlariek. Bertaratzeko asmoa dutenei, “jende pilaketak ekiditeko” eskatu die. Era berean, Indauxi eskerrak eman dizkio: “Mila esker Indauxko langileei estropada hau bultzatzen eta antolatzen laguntzeagatik. Eskerrak Indauxi ere, estropada aurrera eramateko medioak emateagatik”.

Emakumeetan Deusto garaile

Gizonezkoen aurretik emakumezkoak aritu dira lehian. 10:38.63 denborarekin Deustok lortu du Andoni Galarragaren Oroimen Estropadako bandera. Bigarren sailkatua Tolosaldea izan da eta hirugarrena, berriz,  Hibaika.