Gaur goizean aurkeztu dituzte XXIII. Salbatore Txapelketa eta IV. Elkano Saria eskuz binakako pilota txapelketak. Bertan izan dira Getariako Udaleko eta Gure Txeru Pilota Elkarteko hainbat ordezkari. Xabier Etxaniz Gure Txeru Pilota Elkarteko delegatuaren hitzetan, “egungo egoerara egokitutako Salbatore Txapelketa bultzatu da. Beste urteetan, maiatzean hasita, hiru hilabete luzetako txapelketa izan ohi da. Aurten, datorren astean hasita, hilabete batean bukatu beharreko lehiaketa motz bat izango da. Emakumezkoena ere berdin, txapelketa motz bat izango da”.

Orain arte, Salbatore Txapelketako izen-ematea irekia izan da, aurten, ordea, pilotari kopurua murriztu egin behar izan dutenez, pilota elkarteko ordezkariek aukeratu dituzte parte-hartzaileak. Etxanizek aurtengo pilotarien maila azpimarratu du: “Bikoteak guk aukeratu ditugu eta onentsuenen bila joan gara. Aurtengo maila izugarria da, goi-mailakoa. Pilotariak Bizkaiatik, Nafarroatik eta Gipuzkoatik etorriko dira”.

Gizonezkoen txapelketan, urtero bezala, hiru kategoriatako pilotariak arituko dira lehian: kadeteak, jubenilak, eta 22 urte azpiko nagusiak. “Kategoria bakoitzean zortzi bikotek hartuko dute parte”, argitu du pilota elkarteko delegatuak. Datorren asteazkenean hasi eta uztailaren 26a bitartean, astelehen eta asteazkenero, 19:00etan hasita, gizonezkoen hiru partida egingo dira; kategoria bakoitzeko bat. Emakumezkoetan, berriz, lau bikote izango dira: “Abuztuaren 2an, finalerdietako bi partida jokatuko dira eta 6an finala”, adierazi du Ekaitz Esteban Kirol zinegotziak. Bestalde, gaineratu du emakumezkoak aurten “profesionalizatu” egin direla, eta horiek arituko direla pilotan IV. Elkano Saria txapelketan.

Segundo Alkortak, Gure Txeru pilota elkarteko delegatu ohiak, gazteek lekukotza hartu izana goraipatu du: “Gure ordez, orain, hiru pilotari gazte dabiltza antolakuntzan eta ni horrekin oso gustura nago”. Nolanahi ere, beste urte batez, pilota partidetan laguntzen ibiliko dela azaldu du Alkortak.

Emakumezkoen finala ere Salbatore egunean

Abuztuaren 6an, Salbatore egunean, “emakumezkoen eta gizonezkoen senior mailako finalak izango dira”, adierazi du Estebanek. “Emakumezkoen finala ere Salbatore egunean egingo da. Orain arte, aurreko igandean izaten zen. Udaletik, berdintasunaren gaia, arlo desberdinetan ari gara lantzen eta garrantzitsua iruditzen zitzaigun Salbatore eguneko pilota partidetan emakumeen presentzia egotea”, azaldu du Kirol zinegotziak. Kadete eta jubenil mailako gizonezkoen finalak, berriz, abuztuaren 1ean, igandean, izango dira.

Protokolo zorrotzak

Partidak beheko frontoian jokatuko dituzte, betiere eguraldi ona eginez gero; “euria egingo balu, kiroldegian egingo lirateke”, argitu du Etxanizek. Hainbat neurri hartuko dituztela adierazi du Estebanek: “Egoerara egokitutako protokoloa egin dugu, gehien bat, jende pilaketak ekiditeko. Horretarako, harmailak markatu, aulkiak jarri, eta sarrera-irteera guztiak plaza eta frontoia arteko sarreratik egingo dira, beste aldea itxita egongo da”.

Horrez gain, udaleko eta Gure Txeru Elkarteko hainbat boluntario jende pilaketarik egon ez dadin lanean arituko da: “Paseoko pilaketa horiek saihesteko boluntarioak eremu hori kontrolatzen egongo dira”, dio zinegotziak. Pilota partidetako sarrera doakoa izango da eta aurrez ez da izenik eman beharko.