Denboraldi hasiera ederra ari da egiten Esperantza. Horren erakusle da, 53 punturekin eta Kaikurekin berdinduta, KAE 1 Ligako sailkapenean hirugarren postuan egotea. Lehia oso estu dago baina, orain artekoan, getariarrek lan bikaina egin dute.

Joan den asteburuan, ligako laugarren eta bosgarren jardunaldiak jokatu zituzten Getariako arraunlariek, KAE 1 taldeko beste hamabi trainerurekin batera. Larunbatean, Donibane Lohizunen izan zuten hitzordua eta bigarren lekua lortu zuten. 20:22,40ko denbora behar izan zuten lau luzeak egiteko, irabazleek, San Juanek, baino lau segundo pasatxo gehiago. Getariarren atzetik, 5.29 segundotara, iritsi zen Pedreña helmugara.

Igandean ere lan oso txukuna egin zuten getariarrek Portugaleten eta hirugarren sailkatzea lortu zuten. Lehenengo hiru ontziek bi segundoko tartean amaitu zituzten lanak. Hirugarren txandan irten zen Pedreñak eskuratu zuen bandera. Kaikuk irabazleek baino 53 milisegundo gehiago behar izan zituen estropada egiteko; Getariak, berriz, bi segundo.

Datorren asteburuan estropada bakarra izango dute, eta hura Kantabriako uretan, zehazki Camargon, jokatuko dute.

Argazkia: Josu Zelaiara