Datorren urtean, 2022an, lehen mundu biraren 500. urteurrena eta Elkanoren lehorreratze ekitaldiaren lehen mendeurrena ospatuko dira Getarian. Testuinguru horretan, Getariako Udalak Lehorreratzearen inguruan hausnarketa eta elkarrizketa irekia zabaldu nahi ditu herrian eta herritarrekin. Hala, hortik jasotako ondorioek, aurrerantzean, “Getariak zer nolako Lehorreratze ekitaldia nahi duen irudikatzen eta, beharrezkoa balitz, egokitzapenak egiten lagunduko dute”.

Udalak azaldu duenez, lehorreratze ekitaldiaren 100. urteurrenarena “geldialdi bikoitza” egiteko aprobetxatuko dute: “Batetik, urte guzti horietan ekitaldi hori mantentzen eta gauzatzen lan egin duten herritarrei aitortza egiteko eta eskerrak emateko; bestetik, mendeak dakarren inertzia begirada zabal baten bitartez aztertzeko eta gogoeta egiteko”.

Horretarako, herriko talde desberdinen esku-hartzea bermatuz, 2021eko irailetik abendura parte-hartze prozesu bat egindo dute. Egunotan, prozesuaren talde eragilea izango dena osatzen hasi dira, betidanik herriarekiko konpromisoa eta ekarpenak egiteko gogoa erakutsi duten 20 edo 25 lagunek osatuko duten taldea, alegia.

Nolako lehorreratzea nahi dute getariarrek?

Parte-hartze dinamikaren helburua izango da “getariarrek, gaur, Elkanoren lehorreratze ekitaldia nola bizi duten ezagutzea, etorkizunean nola irudikatzen duten marraztea eta, 2022 urtera begira, bide berriren bat irekiko ote den aztertzea”.

Prozesua irailean abiatu eta abenduan amaituko da. Ekimenaren arrazoiak eta lan dinamikak herritarrei azaltzeko, ekitaldi publiko bat egingo dute eta, ondoren, talde eragilearekin zein beste herritar taldeekin aurrez-aurreko lan saioak hasiko dira: “Emakumeak, ekintzaileak, gazteak eta nerabeak”. Elkarrizketa aberasteko aniztasuna “beharrezko” elementutzat jo du Getariako Udalak.

Guztira, zortzi elkarrizketa eta parte-hartze saio egingo dira herritar profil eta talde desberdinekin eta, urrian, herritar guztiei irekitako Mintzodromoa egingo da. Getariarrek galdetegi bidez ere euren ekarpenak egiteko aukera izango dute.