Joan den astearteko osoko bilkuran, behin-behineko onarpena eman zitzaien datorren urteko Ordenantza Fiskalei. Nahia Iturbe Ogasun eta Hezkuntza zinegotziak egungo Ordenantza Fiskalei gehituko zaizkien puntuen inguruko azalpenak eman zituen.

Alde batetik, “industria eta hirugarren sektoreko ondasun higiezinei aplikatuko zaion karga tasa 0,23%tik 0,35%ra igoko litzateke”. Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergari dagokionez, “ibilgailu hibridoei %15eko hobaria eta elektrikoei %50ekoa aplikatzea planteatzen da”; gainerako ibilgailuei %1,5eko igoera aplikatuko zaie. Hiri-lurraren balioaren gehikuntzaren gaineko zerga igo egingo da: lehen 5,3%ekoa zen eta orain %9koa izango da.

Bestalde, %1,5eko igoera izango dute ondorengo tasek: Agirien luzapenak, Udal jabari publikoaren erabilera tasak, Zerbitzu Publikoak eskaintzeagatiko tasak, taxien baimenak, Azoka zerbitzuagatiko tasa, hilerriko zerbitzuen tasa, musika eskolako eta antzerako ikastaroen tasak.

Hilerriko zerbitzu tasetan, “udal langileen eskaerei erantzunez, beilatokiko eguneko zerbitzua zehaztea eta hori gehitzea planteatzen da, 180 euroko kopuruarekin”. Era berean, “herrian egingo diren grabaketetan tasa gehitzea proposatzen da: hain justu, egun erdiko grabaketetan eta lau egunetik aurrera, egun bakoitzeko kopurua gehitzea”. Bestalde, Iturbek azaldu zuenez, musika eskolan “saio berriak txertatzea planteatzen da” eta hortik dator proposatutako tasa igoera.

Azken puntu modura, TAO tasaren igoera aipatu zuen Ogasun eta Hezkuntza zinegotziak: “Aparkatzeko ordu bakoitzeko 1,5 euro, eguneko ordainduko den gehienezko kopurua 12 euro, tiketa atera eta isuna ordaintzea 20 euro, tiketa atera gabe 30 euro, eta langileen bonua 15 euro”.

EAJren abstentzioa

Iturbek azalpen guztiak eman ostean, Aitor Urresti EAJko bozeramaileak Osoko Bilkuraren deialdia egin aurretik proposamen batzuk bidali zituztela gogorarazi zuen eta “ez dugunez erantzunik jaso, erantzun bat nahiko nuke”. Maria Zendegi idazkariak azaldu zionez, “proposamena batzordearen aurretik egin beharko zatekeen, izatez, irailaren 14ean, eta horko irizpena da udalbatzarrera datorren testua. Ez nuen onartu denboraz kanpo zegoelako”. Horren aurrean, orain, alegazio epea datorrela eta “proposamenak berriro sartuko” dituztela eta “eztabaidatzen jarraituko” dutela adierazi zuen Urrestik.

Hala ere, EH Bilduk egindako proposamen zerrendaren inguruko hainbat desadostasun aipatu zituen EAJko bozeramaileak. Hasteko, “hiri-lurren gehikuntza, kolpean, %9ra igo beharrean, progresiboa izatea proposatzen dugu. Orain arte, %5 inguruan zegoenez, lehenbizi %7ra igotzea”. Bestetik, Urrestik nabarmendu zuen “2012an ondasun higiezinen zerga %50 igotzea onartu” zela eta aurreko urtean beste %50; beraz, “azken hamar urteetan %100 igo da”.

Ibilgailu hibridoei %15eko hobaria ezartzearekin ados agertu zen Urresti. Industria eta hirugarren sektoreko ondasun higiezinei aplikatuko zaien igoerarekin, ordea, ez zuen aldeko jarrera adierazi: “Gororarazi nahi dut hemen traba arkitektonikoak eta geologikoak ditugula eta gure industriaguneek ez dituztela eskaintzen beste leku batzuetako zerbitzu berdinak; hasteko hemen industriagunea ez dago leku bakarrean errotuta, sakabanatuta daukagu. Beste herrien berdina kobratzea, horiek beste abantaila batzuk dituztenean, iruditzen zait arriskutsua izan daitekeela. Izan ere, enpresa batek hemen kokatu nahi badu, tasa hori desabantaila bat izan daiteke”.

Horrez gain, terrazen gaia jarri zuen mahai gainean Urrestik. “2018tik urtero aipatu dugun gai bat da eta ez dira aldatu. Ezberdina da zein erabilera ematen zaion lur publikoari, horren arabera batzuek besteekiko desabantaila daukate, berdina ordaintzea aktibitate ezberdinagatik, ez da herritarrentzat oso justua”.

Gainerako gaietan ere desadostasuna nagusi

Osoko Bilkurak luze jo zuen eta beste zenbait gai eztabaidatu zituzten. Alde batetik, “eguerditako ikasleentzako autobus zerbitzua ordaintzeko gastuak kubritzeko”, Zanbuka Guraso Elkarteari 21.625,00 euroko dirulaguntza gehitzea proposatu zuen EH Bilduk. EAJko bozeramaileak, autobus zerbitzua hautatzeko garaian, esleipen prozesu bat egin ez izana salatu zuen: “Legeak esleipen prozesu bat egitera behartzen du. Zuek esleipena egin beharrean, elkarte bati dirua emango diozue eta horrek, zuzenean, enpresa bati emango dio”.

Alberdik esleipena egin ez izanaren arrazoiak azaldu zituen: “Goiz eta arratsalderako esleipena hezkuntzak berak dauka eginda eta, beste zenbait lekutan bezala, guri ere eguerditako zerbitzua enpresa berdinarekin egitea proposatu zitzaigun. Iruditzen zaigu, umeak esku honetan edukitzeko modu bakarra, behar horri konpainia eta pertsona berdinek erantzutea dela”. Hala, EH Bilduko aldeko sei botorekin eta EAJren abstentzioarekin dirulaguntzaren gehikuntza onartu zen.

Bestalde, Sahatsaga-Goia eremuan tasatutako 20 etxebizitzei behin betiko kalifikazioa ematea onartu zen. Hala ere, EAJ abstenitu egin zen “presaka eta korrika” egindako prozesua izan dela argudiatuta.

162.013,52 euroko kreditu aldaketa izan zen beste eztabaida iturria. Haritz Alberdi alkateak azaldu zuenez, “kreditu aldaketa hori egitasmo desberdinak aurrera eramateko” egingo da. Urrestik kreditu horretako diruaren iturburuaren inguruan kezka adierazi zuen: “Diru gehiena, 81.000 euro, isunetatik jasotakoa da”. EAJko bozeramaileak azaldu zuenez, duela urtebete pasatxo herri sarreran jarritako semaforoa gorrian pasatako ibilgailuen jabeek ordaindutako dirua da. “Guk zenbait zalantza dauzkagu semaforo horretan erabiltzen den sistemarekin. Ez daukagu txostenik, ez daukagu inongo oinarri juridikorik isun hauek legezkoak direla esateko”.

Haritz Alberdi alkateak argi erantzun zion, horrelako salaketekin “teknikoek egindako lana… dena airean jartzen dela”. Sistemaz  honakoa gaineratu zuen: “Oinarriak dauzka eta gainera, Aldundiatik Getariako eredua leku desberdinetara proposatzen ari dira”. Hala ere, legezkoa ez dela frogatzen duen zerbait edukiz gero, “mahai gainean” jarri eta aztertuko dutela gaineratu zuen alkateak. Hala, EH Bilduren aldeko bozkarekin eta EAJren abstentzioarekin kreditu aldaketa onartu zen.

Elektrizitatearen prezio igoeraren inguruko mozioak

Amaitzeko, argindarraren prezio igoera etengabearen aurrean, mozio bana aurkeztu zuten udaleko bi alderdiek. Ibon Gereka EH Bilduko bozeramaileak euren mozioa ondorengo lau eskaeretan laburbildu zuen: “Espainiar estatuko enpresa elektrikoak argindarraren prezioarekin egiten ari diren iruzur larria salatzen du; Euskal Herriak subiranotasun energetikoa behar du, espainiar estatuan ezarritako oligopolioa apurtuko duten sistema propioak behar ditugu, sistema bidezkoak publikotik eraikitzeko eta argindarra oinarrizko ondasun eta eskubide gisa errespetatzeko; Eusko Jaurlaritza interpelatzen dugu, lankidetza publiko-komunitarioa, deszentralizatua eta kontrol publikoa bermatuko dituen neurri zehatzak har ditzala presazko izaerarekin; eta Getariako Udalak urriaren 8an, 22:00etatik 22:30era deitutako itzalaldi masibo eta kazola-jotzeko deialdiarekin bat egitea”. EH Bildukoen aldeko botoekin eta EAJkoen ezezkoekin, mozioa onartu egin zen.

EAJk, berriz, bere mozioaren bidez ondorengoa eskatu zuen: “Udal honetan ordezkatuta dauden alderdiek Euskadiko energia berriztagarriak ezartzeko eta energia aurrezteko duten konpromiso politikoa berrestea; herritarrei kontzientzia zorrotz eta egiazkoa sortzen laguntzea trantsizio energetikoaren eta klima aldaketaren erronkekin bat etortzeko eta jarduten hasteko; Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde eta tokiko erakunde guztietan energia kudeatzeko kooperatibak eta energia komunitateak bultzatzea; herritarrei dei egiten die autokontsumoko formulekin bat egiteko aukerak baloratu eta aztertzea; eremu ekonomiko, sozial, politiko eta akademikoko eragile publiko eta pribatuak lankidetzan aritzea energia eskariari eta haren prezioak dakartzan erronkei irtenbideak emateko”. EH Bildukoen ezezko botoekin, EAJk aurkeztutako mozioa alde batera geratu zen.