The World’s 50 Best Restaurants zerrendaren arabera, Getariako Elkano Jatetxea munduko 50 jatetxe onenen artean dago; hain zuzen, 16. postua lortu du. 2002az geroztik, urtero eguneratu dute munduko jatetxe onenen zerrenda; lehengo urtean, ordea, pandemia dela-eta, ez zuten zerrendarik argitaratu. Aitor Arregi getariarrak gidatutako jatetxeak postu oso ona lortu du; duela bi urte 30. sailkatu zen.

Zerrendan, Euskal Herriko beste hiru jatetxe ere sartu dira. Bittor Arginzonizen Etxeberria erretegiak (Axpe, Bizkaia) 2019an lortutako postuari, hirugarrenari, eutsi dio. Andoni Luis Adurizen Mugaritz jatetxeak (Donostia, Gipuzkoa) 14. lekua eskuratu du, duela bi urte baino zazpi postu beherago geratu da. Eneko Atxak Larrabetzun (Bizkaia) duen Azurmendi 49. sailkatu da, 2019. urtean 14. lekua lortu zuen. Bestalde, duela bi urte 32. sailkatu zen Nerua Guggenheim Bilbao jatetxea zerrendatik kanpo geratu da.