Denboraldia amaitu berritan, atseden hartu eta etorkizunean pentsatzeko tartea hartu behar zuela adierazi zion Artzaperi Ion Larrañaga Getariako Arraun Elkarteko entrenatzaileak. Tarte hori igarota, getariarrak karguan jarraituko duela iragarri zuen atzo klubak.

Entrenatzaile gisa egingo duen laugarren denboraldia izango da 2021-2022koa. Ez da, gainera, edonolakoa izango, lehenengo aldiz TKE ligan ariko baita Getariako kluba. Sare sozialetan jakinarazi dutenez, gustura daude Larrañagaren erabakiarekin eta hau lanean hasi da jada.

Bestalde, Getariako Arraun Elkarteko bazkide egiteko kanpaina jarri dute martxan. “Maila gorenean jarduteko guztion laguntza beharko dugu”, azaldu dute. Urteko kuota 24 eurokoa izango da eta nahi duenak Harritarten egin dezake bazkidetza.