Atzokoan, eguraldi kaxkarrak ez zituen getariarrak kikildu eta herritar ugari bertaratu zen Getariako Musika Bandaren kontzertura. 12:30ean hasita, Santa Zezilia Egunaren aitzakian, lau piezez osatutako emanaldia egin zuten.

Opera Flamenca jotzen hasi zuten kontzertua. Bigarren pieza Carmen Suitea izan zen; zenbait zatitan, zeharkako flautek hartu zuten protagonismoa eta jotako soloek arintasuna nahiz erritmoa eman zioten piezari. Ondoren, euskal kanta ezagunekin osatutako Kantaldia jo zuten. Programazioan zehaztutako azken abestia, berriz, Caravan izan zen.

Propina modura, A Santa Zezilia eta Kalean gora, kalean behera abestiak jo zituzten. Lehenengoan, Eneritz Jauregi zuzendariak eskatuta, ikusentzuleek txaloak joz parte hartu zuten. Bigarrengoan, berriz, eserlekuan gora eta behera ibili zen publikoa.