Hondakinak Murrizteko Europako Astea izan zen pasa den astean. Europa mailan, hondakinen prebentzioari buruzko kontzientzia sortzeko eta herritarren sentsibilizazioa sustazeko ekimen nagusiena, alegia. Testuinguru horretan, 2019ko lehen seihileko datuekin alderatuta, etxeko hondakinen guztizko sorrera %3,5 murriztu dela argitaratu du Urola Kostako Udal Elkarteak. Era berean, datu esanguratsu hori, eskualdeko “garapen jasangarriari begira mugarri” izango dela adierazi du.

2018an hondakinak biltzeko sistema berria ezarriz geroztik, Urola Kostan bereiztuta jasotako hiri hondakinei buruzko datuen bilakaera “positiboa” izan dela dio Udal Elkarteak. Sistema berriz ezarri eta urtebetera, sailkatuta bildutako hondakinen ehunekoa 20 puntu baino gehiago igo ondoren, gaur egun, eskualdeko sailkatze indize orokorra %70aren inguruan egonkortu da. Igoera horretaz haratago, “ondo sailkatuta bildutako hondakinen kopurua arloz arloz hobetu izana” azpimarratu du elkarteak.

Erantzukizunez jokatzeko deia

Sistema berria ezarriz geroztik “herritarrek hasiera-hasieratik jarrera ezin hobea” erakutsi dutela nabarmendu du Urola Kostako Udal Elkarteak. Hala ere, “hondakinak ondo sailkatzen ez dituzten herritarrak” ere badirela eta “tamalez gutxi horien jarrerek denengan” eragina dutela salatu du elkarteak. Horregatik, Udal Elkartekoek dei irmoa egin die herritar guztiei “erantzukizunez, arduraz eta ingurumenarekiko begirunez joka dezaten”.

Horrez gain, datuak datu, hobetu beharreko hiru jarraibide nabarmendu ditu elkarteak: debekatuta dago poltsak edukiontzien kanpoaldeetan uztea; tartxel bidez ireki behar dira, nahitaez, errefusaren eta organikoaren edukiontziak; eta herri bakoitzari dagokion egunean, Getarian astelehenetan, 20:00etatik 22:00etara, ahalik eta txukunen utzi behar dira hondakin handiak.