Azken hilabeteetan, Getariako Udalak eta Emun Aholkularitza taldeak, elkarlanean, herriko emakumeen eta gizonen berdintasun-egoera aztertu dute. Egindako azterketa lanaren ostean, 75 orriko txostena osatu dute: “Txostenean herriko egunerokotasuna eta errealitate ezberdinak azaleratzen dituzten 15 arlo genero-ikuspegitik aztertzen dira, eta bukaeran aurrera begirako erronkak ere identifikatzen dira”.

Ikerketa egin ahal izateko, herritarren inplikazioa “ezinbestekotzat” jo dute, “getariarren parte-hartzea izan baita prozesuaren ardatzetako bat”. Izan ere, getariar ugariren iritziak eta ikuspegiak jaso dituzte: “Galdetegia eta elkarrizketak egin dira diagnostikoa osatzeko, eta guztira, profil, adin, jatorri eta testuinguru ezberdinetako 100 herritarren ekarpenak jasotzen ditu txostenak”. Proiektuaren sustatzaileek jakitera eman dutenez, “herritarrek ere egindako lanaren berri izan dezaten, txostena udalaren webgunean egongo da eskuragarri”. 

Aurrera begirako erronkak

Herritarren egunerokotasunaz gain, udalaren barne errealitatea ere aztertu dute. Azken horri dagokionez, “genero ikuspegia zuzenean zein zeharka lantzeko praktika ezberdinak identifikatu dira eta ondorioz, genero berdintasunaren lanketan ibilbide bat baduela jasotzen du diagnostikoak. Gainera, bide horretan aurrera egiteko gogoa duen talde bat dagoela ere ondorioztatzen da. Erronken artean, genero berdintasuna zeharka txertatzeko ezagutza teknikoan sakontzea edota udaleko alor batzuetan ematen den segregazio horizontala gainditzea daude, besteak beste”. 

Herriko egunerokotasunari dagokionez, besteak beste, “zaintza lanak edota kirol eta kultur arloak” aztertu dituzte. Horietan, azken urteetan “aurrerapausoak” eman direla atzeman dute, baina “oraindik, genero-estereotipoak indarrean daudela ondorioztatu du diagnostikoak. Bide horretan, ohiko rol tradizionalak gainditzeko erronka jasotzen du txostenak”. Horrez gain, “herritarren ekarpenek emakumeen ahalduntzearen garrantzia eta indarkeria matxistari aurre egiteko beharra ere azpimarratzen dute”.

Hurrengo pausoa jasotako informazioa datozen urteetan egikarituko den ekintza plan batean islatzea izango da; Getariako I. Berdintasun Planean, hain zuzen. Berdintasun plan honen diseinua 2022. urtean zehar egingo da “eta horretan ere, funtsezkoak izango dira herritarren ekarpenak”.

Argazkia: Getariako Udala