Larunbatean, festa giroan ospatuko dituzte getariarrek inauteriak. Pandemia tarteko, joan den urtean ez ziren ospatu; aurten, ordea, bai udalak bai SOS Herritarrak ekimenak hainbat ekitaldi antolatu dituzte.

Goizean hasita, 12:00etatik 14:00etara, Sugarri txaranga ibiliko da kalez kale herria alaitzen. Ondoren, SOS Herritarrak taldeak antolatuta bazkaria egingo da frontoian. Bazkalostean, herriko kaleetan barrena, jolasak egingo dituzte.

Udalaren egitarauarekin jarraituz, 17:00etan, plazan, haur eta gaztetxoei zuzenduta Diskofesta DJ Txurru egingo da. 19:00etan, inauterietako kartel eta erakusleiho lehiaketako sariak banatuko dituzte plazan. Gero, 19:30ean, 2022ko herritar Karnabaleruenak izandatuko dituzte; banakako eta taldeko sari bana emango da, hurrenez hurren, 60 eta 120 eurokoa. Ondoren, sari banaketak amaituta, Sugarri txarangarekin jarraituko du festak.

Kartel eta erakusleiho lehiaketak

Udalak, dagoeneko, iragarri ditu kartel lehiaketako irabazleak eta ondorengoak izango dira sarituak: Michelle Farinango Arrieta (HH2-HH4), Alaia Roteta Etxaide (LH1-LH3), Ane Arregi Aranburu (LH4-LH6), Wissam Challal (DBH) eta Nora Azkue Etxeberria (16 urtetik gora). Gainera, bihartik datorren astelehenera, hilaren 22tik 28ra, kartel lehiaketara aurkeztutako lanak udaletxeko sarreran egongo dira ikusgai.

Erakusleiho lehiaketako garaileak, berriz, larunbatean bertan erabakiko dituzte; “10:30etatik aurrera, herriko hainbat elkartetako ordezkariz osatutako epaimahaiak establezimenduak bisitatuko ditu”. Epaimahaiak, besteak beste, konposizioa, sormena eta originaltasuna hartuko ditu kontuan eta irizpide horien arabera, puntuazio altuena lortzen duten lehenengo hiru erakusleihoek saria jasoko dute. Lehenengo saria 120 eurokoa izango da, bigarrena 80koa eta hirugarrena 50ekoa.