Martxoaren 30a arte eskatu ahalko dira Agerreko (Nafarroa hegoalde eta erdialdeko) oliba-olio birjina estra eta kontserba, arroz, pasta eta lekale-sortak. Guztiak euskaraz etiketatutakoak dira eta auzolanari esker, erosleek ekoizlearen jatorrizko prezioan eskuratu ditzakete.

Errigoratik azpimarratu dutenez, “pauso sendoak ematen ari gara Nafarroako baratzean, oinak lurrean eta emeki, bestelako ekoizpen eta banaketa-ereduak ohiko bihurtzeko ahaleginean”. Argi dute elikadura burujabetzarako bidea, oraindik, “luzea” dela, “baina egindakoak erakutsi digu ekoizteko erak aldatzeko bide eraginkorra izan daitekeela kontsumitzeko modua aldatzea”.

Azken bi kanpainatan egin bezala, oraingoan ere Artzape Euskara Elkartea arduratuko da Errigorako produktuak Getarian banatzeaz. Hala, getariarrek herrian bertan jaso ahal izango dituzte eskatutako produktuak; hain justu, maiatzaren 12an, osteguna, 16:00etatik 20:00etara, Eskualtxetan.

Eskaera nola egin?

Eskaera egiteko modu desberdinak daude. Alde batetik, errigora.eus webgunearen bitartez egin daiteke. Bestalde, telefono bidez, 848 87 12 23 zenbakira deituta. Horrez gain, Artzape Euskara Elkarteak mahaia jarriko du martxoaren 17an, osteguna, herriko plazan. 18:15etik 19:30era, eskaerak aurrez aurre egiteko aukera izango da.

Udaberriko kanpaina urtean behin egiten da eta, beraz, eskaera handiak egitea da asmoa: “Urtean behin, urte guztirako”. Horregatik, olioa bidoietan dago eta arroza, pasta eta barazki-kontserbak 12 unitateka. Ordainketari dagokionez, txartel bidez edo produktuak jasotzerakoan, eskudirutan egin daiteke.