Haritz Alberdi Getariako alkateak eta Patricia Ainhoa Val Eusko Jaurlaritzako Alokabide sozietate publikoko zuzendari nagusiak alokairuko etxeei loturiko akordio “garrantzitsua” sinatuko dute. Hitzarmenaren helburua da, alokairu babestuaren bidez, Getarian dauden etxebizitza hutsak merkaturatzea.

Getariako Udalak herrian dauden etxebizitza hutsen inguruko datuak eguneratu zituen 2021. urtean eta 280 etxe huts zeudela ondorioztatu zuen. Azken urtean, eraiki berri diren etxeak tarteko, kopuru horrek gora egin duela azaldu du udalak eta, “une honetan, herrian dauden 1.451 etxebizitzetatik 295 inguru daude hutsik”.

Udaletik jakinarazi dutenez, “etxebizitza hutsen kopuru altuak kezkatuta, Getariako Udala Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan jarri zen, egoeraren berri eman eta elkarrekin zer esku-hartze egin zitekeen aztertzeko”.

Bizigune Etxebizitza Hutsen Programa

Hutsik dauden ahalik eta etxebizitza gehien eskuratzen eta gero, alokairu babestuaren bidez, etxebizitza horiek merkaturatzen saiatuko da Eusko Jaurlaritza. “Programa horren bitartez, erabilera soziala eman nahi zaie herrian hutsik dauden etxeei. Hala, beren baliabide ekonomikoekin merkatu librean sartzeko aukerarik ez duten pertsonek etxebizitza duin bat, arrazoizko prezioan, eskuratu ahal izango lukete” argudiatu dute udaletik.

Alokabideren programa horren bidez, alokatzaileek sei urteko alokairuaren bermea izango dute, hilero eta dagokion datan ordainduko zaie, etxebizitza egokitzeko eta prestatzeko laguntzak jasoko dituzte eta aseguru baten kontratazioa zein etxebizitzaren mantentze-lanak egingo zaizkie, besteak beste. “Finean segurtasun juridiko eta ekonomikoa ematen die kasuan-kasuan sortzen diren lagapen-harremanei”, nabarmendu du udalak.

Sustapen kanpaina

Udalak eta Alokabidek hainbat ekimen antolatuko dituzte etxe hutsen jabeak programa honekin bat egitera bultzatzeko. “Besteak beste, gutun bana bidaliko zaie etxe-jabeei eta horrez gain, informazioa banatu eta programan parte hartzeko eskaera-orriak zabalduko zaizkie interesa dutenei” azaldu du Udalak. Alokabideko arlo sozialaren eta Getariako Udaleko gizarte-zerbitzuen arteko esku-hartze koordinatua ere bultzatuko da, “unean-unean sor daitezkeen behar larriko egoeratan”.