Datorren maiatzaren 21ean egingo da Getariako Triatloiaren VI. edizioa. RockTheSport atariaren bitartez egin behar da izen-ematea; horretarako azken eguna maiatzaren 16a izango da.

Pandemia dela-eta, azken bi edizioak bertan behera utzi behar izan ditu Getaitri taldeak. Taldekideek adierazi dutenez, aurtengoan “gogo eta ilusio handiz” datoz “Euskadiko egutegia irekiko duen lehen sprint triatloia antolatzera”.

Kirolariek 750 metro egin beharko dituzte igerian: “Irteera hondartzaren erdialdean izango da eta, badian zehar 750 metro igeri egin ondoren, Gurutze Gorriaren eraikinaren parean egongo da helmuga”. Bizikletaz, berriz, 20 kilometroko ibilbidea egin beharko dute. Portutik irten eta Garatetik barrena, Meaga auzoa zeharkatu eta Oikiara jaitsi beharko dira parte hartzaileak. Ondoren, Getariarako noranzkoan, Zumaia pasa eta Getariako Gurutze Gorriaren ondoan amaituko dute bizikletaz egin beharreko bidea.

Azkenik, bost kilometro egin beharko dituzte korrika: “Portua, Gaztetape hondartza, udaletxea, frontoia eta Malkorbe hondartza elkartzen dituen bi kilometroko zirkuituari bi itzuli egin beharko zaizkio. Hirugarren itzuliaren hasieran, Artzapeko zigi-zaga hartuz, Kale Nagusitik helmugarako bidea hartu beharko dute”.